ARGAZKIAK

Aiaraldean eraiki nahi dituzten parke eolikoak izan dituzte hizpide Laudion, Arabako Mendiak Aske plataformaren eskutik

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko mar. 10a, 19:00

Arabako Mendiak Aske plataformak hitzaldia antolatu du gaur arratsaldean Laudioko Kultur Etxean. Izan ere, Capytal Energy enpresak parke eolikoa eraiki nahi du Jesuri mendian. Hori ez da eskualdean aurreikusita dagoen mota horretako proiektu bakarra, eta herriz herri ari dira talde ekologistak egoeraz ohartarazteko ekimenak gauzatzen.

Capital Energy enpresak 200 metroko aerosorgailuak jarri nahi ditu Jesuri mendian, Orozko, Laudio eta Amurrio artean. 2010ean ireki zen proiektua aurrenekoz. Garai hartan, Guascor S.A. enpresak 8 aerosorgailu jarri nahi zituen energia elektrikoa sortzeko. Egitasmoak ez zuen aurrera egin baina Eusko Jaurlaritzak onartutako legeek aukera berri bat jarri dute mahai-gainean. Gainera, Gorobelen beste bi parke eoliko eraiki nahi ditu Gaztela Leongo gobernuak.

Gaiarekin interesa duten eskualdeko herritarrak eta kolektiboak biltzeko asanblada ireki bat egitea proposatu dute; eta datorren asteetan emango dute hitzorduaren berri

Antolatzeko unea

Parke eoliko guzti horiek eskualdean eragin dezaketen kalteak kezka sortu du herritarren artean. Hainbat ekimen eta solasaldi egin dira gaia lantzeko, Orozkon eta Aiaran, besteak beste. Gaur bertan eskaini dute gaia lantzeko hitzaldia Arabako Mendiak Aske plataformako kideek. Laudioko Kultur Etxeko Arraño gelan egin dute solasaldia eta herritar asko bertaratu dira.

Gogoratu dute 2010ean herritarren presioak eta mobilizazioak gelditu zituela Jesuri eta Ganekogorta mendietan eraiki nahi zituzten parke eolikoak. Orduko hartan Aiaraldeko udalek ere aho batez arbuiatu zituzten proiektuak. Bide horretan, gaiarekin interesa duten eskualdeko herritarrak eta kolektiboak biltzeko asanblada ireki bat egitea proposatu dute. Datorren asteetan emango dute hitzorduaren berri.

Aerosorgailuak Gorobelen

Gaztela Leongo Gobernuak 100 metroko aerosorgailuak jarri nahi ditu Gorobel mendilerroan, Aiaraldeko natur ingurunean. Hain zuzen ere, bi dira bertan aurreikusita dauden proiektuak: 'Pico del Fraile' eta 'Llorengoz'. Lehenengoak, 'Pico del Fraile'-k, 10 aerosorgailu izango lituzke Angulo mendatetik hasita Carbonilla mendilerroan barrena, Artziniega gainean, hain zuzen. Aldiz, Llorengoz parke eolikoan, Gaztela eta Leon eta Arabaren arteko muga jarraituz, 11 aerosorgailu jartzea aurreikusi dute, Tologorri, Mojon Alto eta Kobata inguruan.

Gaztela eta Leon eta Arabaren arteko muga jarraituz, 11 aerosorgailu jartzea aurreikusi dute, Tologorri, Mojon Alto eta Kobata inguruan.

Gaztela Leongo Gobernuak 2020ko apirilean aurkeztu zuen proiektua autonomia erkidegoko aldizkari ofizialean. 50 megawatt baino potentzia handiagoko aerosorgailuak dituzten parke eolikoak Industria eta Energia Ministerioaren menpe daude. Aldiz, Gorobelen eraiki nahi dituzten parkeek potentzia baxuagoko aerosorgailuak izango dituzte eta, ondorioz, hain zorrotzak ez diren administrazio organoetatik igaro behar dira, proiektuaren ingurumen-inpaktua handituz.

Gorobeleko mendilerroa, gainera, hegaztien babes berezirako eremu (BBE) izendatuta dago. Aurkeztutako proiektuetan aerosorgailu bakar bat ere ez dago babestutako eremu natural baten barruan proiektatuta, bai ordea horrelako eremuetatik metro eskasera, ingurune natural horiek kaltetuz halabeharrez.

Erlazionatuak

Parke eolikoen mehatxua berriro airean

Aimar Gutierrez Bidarte 2021 mai 14 Aiaraldea

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide