Laudioko herrigunean dauden hiru negozioren kristalak hautsi dituzte azken hilabeteetan

Aitor Aspuru Saez 2022ko mar. 9a, 12:00

Gloss dendako kristal apurtua. / Aiaraldea.eus

Azken kasua izan da Gloss dendakoa, Zumalakarregi etorbidean, baina urte amaieran Entre Alfileresek eta Rivera botikak ere kalteak izan zituzten.

Laudioko herriguneko zenbait negoziok salatu dute kristalak hautsi dizkietela azken hilabeteetan. Apurketa izan duen azken denda izan da Gloss. Zumalakarregi etorbideko establezimenduko jabeak Aiaraldea Komunikabideari azaldu dionez, Inauterietan gertatu zen. Adierazitakoaren arabera, ekintza kaleko bideokamarek grabatu zuten eta irudietan ikusten da gizon gazte bat beira apurtzen.

Dirudienez, Ertzaintzak ekin dio grabaketa aztertzeari, baina dendako jabeari aipatu diote irudiak ez direla oso argiak eta ez dakitela egilea identifikatzeko gai izango ote diren.

Kristal gehiago hautsita herrigunean

Merkataritza eta zerbitzu negozio gehiagok izan dituzte horrelako arazoak azken hilabeteetan. Zentzu horretan, Entre Alfileresen antzeko gauza gertatu zen. Ibaizabal kaleko dendako arduradunak alde bateko beira topatu zuen txikituta azaroan. Emakumezkoa harrituta geratu zen, kristala blindatua zelako: "Metalezko tresnaren batekin jo behar izan zioten, ez baita hain erraz apurtzen".

Inauterietan apurtu zuten Gloss dendako kristala eta Entre Alfileres eta Rivera botikakoa azaroan eta abenduan.

Jabeak kontatu du Udaltzaingoan jarri zuela salaketa, baina ez duela berririk izan gertatutakoari buruz. Dendariak azpimarratu du erasoa garesti atera zitzaiola: "3.000 euroko balioa dauka kristala eta binilozko errotulazioa aldatzeak".

Entre Alfileresetik oso hurbil dago, metro eskas batzuetara, Rivera botika. Eurek ere kristal bat aldatu behar izan zuten, norbaitek apurtu ostean. "Ez ginen konturatu, ertz batean baitzegoen kaltea, baina bezero batek jakinarazi zigun. Abenduan konturatu ginen, ez dakit noiz egin zuten zehazki. Aseguruarekin harremanetan jarri ginen eta berehala aldatu ziguten", argitu dio jabeak Aiaraldea Komunikabideari.

Hedabidea harremanetan jarri da APILL elkartearekin, jakiteko horrelako egoerak errepikatu diren, baina tokiko merkatariak, ostalariak eta enpresa txikiak batzen dituen eragileak ez zekien ezer horri buruz. "Elkarteko kideak ez badira, ez zaigu berririk heltzen, eta kasu hauetan ez dira gure bazkideak" zehaztu du elkarteko gerentea den Claudio Perezek.

Ekintza bandalikoak azken hilabeteetan

Dendariek testuinguru zabalagoa aipatu dute euren kasuak kokatzeko orduan, eta gogoratu dute horrelako portaerak ez dira isolatuak izan 2021ean eta 2022an. Hain zuzen, burura ekarri dute Arraño eta herrigunea lotzen duen igogailuaren egoera edota Kasinoko atearen apurketa.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide