Ander Añibarro alkatea ez da inputatua izango Laudioko hiltegiko odol-isurketengatik

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko mar. 9a, 20:57
Ander Añibarro Maestre alkatea ez inputatzea erabaki du epaileak. / Aiaraldea.eus

Horrela ebatzi du kasua daraman epaileak. Ander Añibarro, Natxo Urkixo eta udal hiltegiko kudeatzaileak 2019an gertatutako odol isuri batengatik ikertu zituzten, ingurumenaren aurkako delitua egotzita. Alkate ohiaren eta hiltegiko kudeatzailearen aurkako prozedurak aurrera jarraitzen du.

2019ko abuztuan Laudioko udal hiltegitik zetozen odol isuriak aurkitu zituen URA agentziak Nerbioi ibaian. Agentziak errekerimendua aurkeztu eta Ertzaintzak ikerketa abiatu zuen ofizioz. Natxo Urkixo Laudioko alkate ohia, Ander Añibarro alkatea eta udal hiltegiko kudeatzailea ikertu zituzten. Soka luzea ekarri zuen gertaerak.Hiltegia ixteko agindua eman zuen udalak, baina abeltzainen protesten ostean, tokiko erakundeak 140.0000 euroko inbertsioa egin eta berriro abiatu zuten zerbitzua.

Hiru ikertuek 2021eko urtarrilean jaso zuten inputazioa, ingurumenaren aurkako delitua egotzita. Delitu penala izanik, ezin zaio administrazioari egotzi, pertsonei baizik. Horregatik inputatu zituzten Añibarro eta Urkixo Laudioko Udaleko arduradun gisa. Horrela azaldu zuen Laudioko alkateak Aiaraldea Komunikabideari eskainitako elkarrizketa batean.

Natxo Urkixoren eta hiltegiko kudeatzailearen aurkako prozedura judizialak aurrera jarraitzen du

Prozedura judizialak aurrera egin, eta duela hilabete batzuk deklaratu zuten alkateak eta alkate ohiak Amurrioko Epaitegian. Kausa artxibatzeko eskatu zuten defentsek, "ez zelako kalterik egon, Nerbioi ibaia gorriz tindatu zuen isuria handia izan arren". Gainera, defentsek azaldutakoaren arabera, isurketen berri izan arren, Udalak ezin zion enpresa arduradunari funtzinamendu akatsak zuzentzeko eskatu. Añibarroren defentsak azpimarratu zuen ez-egite hori ezin zaiola egungo alkateari leporatu, "URAk egindako errekerimenduen ondoren sartu baitzen karguan”.

Gauzak horrela, Ander Añibarro ez inputatzea erabaki du kasua daraman epaileak, eta egungo alkatearen aurka behin-behineko largespena ezartzea ebatzi du autoan. Natxo Urkixoren eta hiltegiko kudeatzailearen aurkako prozedura judizialak, ordea, aurrera jarraitzen du.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide