Tubacex enpresako mantenuko langileek salatu dute zigor mehatxuak erabiltzen dituela zuzendaritzak euren egoera prekarizatzeko

Aitor Aspuru Saez 2022ko mar. 23a, 17:02

2020an mantenu ataleko langile bat zigortu zuten Laudion. / Aiaraldea.eus

Tubacex enpresak Laudion duen lantegiko mantenuko beharginek testua zabaldu dute jakinarazteko euren lan baldintzak gero eta prekariagoak direla. Alde batetik, zuzendaritzak zigor mehatxuak baliatzen ditu eta, bestetik, gero eta gutxiago dira eta euren baliabideak urritzen ari dira.

Tubacex taldeko TTI enpresako mantenuko sailean aritzen diren beharginak batu dira adierazpen publikoa egiteko. Laudioko lantegiko beharginek salatu dutenez, zuzendaritza hasi da 'kontaktu aktak' sistematikoki egiten atal horretako langileen aurka. Eurek argitu dutenez, berez, akta horiek astungarri moduan baliatu daitezke, falta bat gertatuz gero.

Beharginen ustez, mantenuko ofizialen eta langileen artean komunikazio arazo larria dago eta ezbeharren bat jazotzen den bakoitzean, ofizialek aktak bidaltzeari ekiten diote, langileekin eurekin hitz egin ordez.

Mantenuan aritzen den kolektiboak azpimarratu du bere kideak profesionalak direla: “Ez diogu inori utziko hori zalantzan jartzen. Talde bat gara eta talde moduan erantzuten dugu, gure buruzagiek ez bezala”.

Hain zuzen, atal horretan lan egiten dutenek kritikatu dute zuzendaritzak ateak itxi dizkiola barne promozioari eta kanpoko jendea kontratatu duela ofizial ardurak hartzeko. “Kudeatzaileek ez dituzte ez makinak ez langileak ezagutzen” gaineratu dute.

Bide batez, zigorrak ez dira ezezagunak atal horretan, 2020an mantenuko langile bat zigortu baitzuen enpresak, 60 egunez soldata gabe utzita.

Istripuak eta produktibitatea

Langileen aburuz, zigor mehatxuen helburua da ekoizpena handitzea, langileen kalterako. Zentzu horretan, gogoratu dute euren atala dela lan istripu gehien duena eta ezin dela ahaztu 2019an 25 urteko behargina hil zela TTIko azpiegituretan, mantenu lanetan ari zenean.

Denboren estandarizazioa eta manipulazioa

Mantenu ataleko kolektiboak aipatu du enpresaren helburuetako bat dela lanen denborak estandarizatzea, eta aurka ez badaude ere, nabarmendu dute konponketa oso ezberdinak egiten dituztela eta zaila dela hori finkatzea. Gainera, ataleko agintariei leporatu diete erreporteak aldatzea, ofizialek jasotako denborak gogoko ez dituztenean.

Horri guztiari langileek gehitu diote aspaldiko kexa: makineria zaharkitu dela eta konponketak egiteko ordezko piezak eta tresnak gero eta urriagoak direla. Horrek eragiten du esku hartzeen denboretan eta istripuak izateko arriskuan.

Murrizketak mantenuan

Azkenik, langileen iritziz, egungo egoera aspaldi hasitako prozesuaren emaitza da: langile gutxiago daude, eta beste atal batzuek ez bezala, ez daukate koordinatzailerik. Halaber, kanpoko azpikontratazioak arruntak bilakatu dira bajak edo oporrak betetzeko, euren ustez, “legez kontrakoa dena”.

Hori guzti hori aintzat hartuta, mantenuko kolektiboak eskatu dio Langile Batzordeari ez ohiko bilera proposatzea zuzendaritzari euren egoera lantzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide