TURISMO PLANA

Turismo bulegoa ireki nahi du Udalak Lamuzako kioskoan, udarako

Txabi Alvarado Bañares 2022ko mar. 25a, 13:32
Iaztik dago hutsik kioskoa. / Aiaraldea.eus

Azpiegituraren jabearekin hitz egiten ari dira bere lagapena adosteko. Turismo Planaren barruan aurkeztu dute egitasmoa. 

Turismo bulegoa berrireki nahi du Laudioko Udalak, baina ez orain arteko toki berean, zonalde deigarriago batean baizik: Lamuzako plazako kioskoan. Espazio hori iaztik dago hutsik, bertan prentsa saltzen egon den bizilaguna jubilatu zenetik, alegia. “Espazioaren jabearekin hitz egiten gabiltza azpiegituraren lagapena adosteko”, azaldu du Ander Larrinaga zinegotziak, “gure asmoa da bulegoa hemendik 3 hilabetera ireki ahal izatea”. 

Baina ez dira horretara mugatuko. Bulegoa irekitzea ekintza bat baino ez da izango, Turismo Planak biltzen dituen beste hainbaten artean. Atzo egin zuten agerraldia ekimena aurkezteko, eta Estrategia eta Hirigintza Zinegotziak eman zituen azalpenak:


Bere hitzetan, aurkeztu duten turismo plana “koherentea” da Laudiok dituen aukera eta beharrekiko. “Ez dugu Bartzelona, Gaztelugatxe edo Donostia izatea bilatzen”, nabarmendu zuen Larrinagak. “Eguneko bisitariak” erakarri nahi dituzte batez ere; hau da: Laudiora egun-pasa datozen pertsonak eta bertako zerbitzu, ondare, natura eta produktuez gozatuko dutenak.

Horri begira, hainbat egitasmo jarriko dituzte martxan datozen bi urteetan.  Aurten, adibidez, “Eraztun berdea” osatu nahi dute. “42 kilometroko ibilbide zirkularra izango da, eta herriko naturaz gozatzeko aukera emango du”. Seinale berriak ere jarri nahi dituzte, informazio panelekin batera. “Baselizen ibilbidea” ere osatu nahi dute, eta bisita gidatuak antolatuko dituzte herriko “gune interesgarrietan”, Lamuzako parkean edota Ermualden kasu.

Azken toki hori bihurtu nahi dute “txangozaletasun naturalerako erreferentzia gune”. Teknologia berriak erabiliko dituzte horretarako, “santutegiaren eta bere ingurunearen ondare, etnografia eta arkeologia mailako garrantzia ezagutarazteko”. 

42 kilometroko “Eraztun berdea” eratu nahi dute aurten, besteak beste

Tokiko produktuak sustatzeko ekimenak ere egin nahi dituzte. Horrez gain, ekitaldi handiak Laudiora ekartzeko apustuan ere sakondu nahi dute (Itzulia edo nazioarteko kultur jaialdiak, kasu). 

Finantziazio bila 

Egingo dituzten ekintza guztiak finantzatzeko bideak ere aztertzen ari dira. Europako Funtsak edota Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza deialdiak baliatu nahi dituzte, besteak beste. “Orain arte ezin ginen deialdi horietako askora aurkeztu, turismo-bulegoa izatea nahitaezko baldintza zelako”. 

Laudio Hazi

Turismoaz gain, tokiko garapen ekonomikoa ere izan zuten hizpide atzoko prentsaurrekoan, Laudio Hazi garapen agentziaren eskutik. Agentziaren logo berria aurkeztu zuten. Agerraldian egon zen logoaren diseinatzailea, Asier Rodriguez gazte laudioarra: 

Agentziari dagokionez, bi gauza egin nahi dituzte, funtsean: Enpresa hazitegiko zerbitzuak hobetu eta sustatzea eta jarduerak egitea  “ekintzailetza kultura” herritarren artean sustatzeko, “gazteen artean, batez ere”. Gaztelekuan tailerrak egingo dituzte horretarako, besteak beste. 

Horrez gain, Laudio Group elkartea sustatu nahi dute, udalaren eta herriko enpresen arteko “lanerako mahaia” izan dadin. “Enpresen artean elkartearen existentzia ezagutarazi behar dugu eta elkarteko kide bihurtzea sustatu, kolektiboaren jarduera koordinatu, gauzatu beharreko proiektuak identifikatu eta bultzatu”, azaldu zuen Andoni Orue Garapen Ekonomikorako zinegotziak agerraldian. 

Horrez gain, enpleguaren sustapenarekin ere jarraitu nahi dute. Hainbat enplegu programa dituzte esku artean horretarako. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide