ASIER AMONDO GOROSTIZAGA

"'Hitzekin’ lemapean hitza eta ekintza batu nahi ditugu. Bakoitza bere erritmoan, baina norabide berean"

Izar Mendiguren Cosgaya 2022ko mar. 30a, 10:14

Asier Amondo Gorostizaga, Korrikako arduraduna / AEK

ASIER AMONDO GOROSTIZAGA da Korrikako arduraduna. Urteak daramatza bozeramaile izaten. Aurtengo Korrikaren helburu, erronkak eta esperantzak azaldu ditu.

Udaberriak bete-betean harrapatu du Korrika. Zerbaiten adierazle ote?
Gabonen ostean beti dator aldapa, baina oso pozik eta gustura gaude. Ez diogu asko begiratzen eguraldiari, martxoaren 31tik aurrerako erronkari baizik. Berezia izango da arlo guztietan. 

"Korrikak euskararekiko ilusio eta gogoa piztea gustatuko litzaidake, euskara berriro guztion gogotan eta ahotan egon dadin"

22. Korrikak Amurrio izango du abiapuntu. Zer dakar edizio berriak berezitik?
22.a  azken tantoa da guretzat. Euskarak aurrera egin dezan Amurrion eta kalean egon beharko dugu. 

Zer pauso eman nahi ditu AEK-k, Korrikaren bidez?
21. edizioan Bastidan euskararen aldeko konpromisoak eta pausoak aldarrikatu genituen. Oraingo honetan, 'Hitzekin' lemapean, hitza eta ekintza batu nahi ditugu. Hitzek  eta komunitateak egiten dute hizkuntza. Ekintzak, aldiz, euskara onbidean jartzeko behar ditugu; bakoitza bere erritmoan, baina guztiok batera eta norabide berean. 

Hizkuntza baten alde dagoen ekimen jendetsuena eta bereziena da mundu mailan Korrika. Zuretzat zer da?
Niretzat dena da: emozio asko ditu, zirrara da... Korrika plazak eta errepideak hartzea da, eta zalantza gabe, hizkuntza gutxituen alde egiten den ekimenik handiena mundu mailan.  Munduak hortik ere ikasi du:  Korrika ahizpak ditugu Bretainian, Alsazian, Irlandan edo Galesen, esaterako.  Korrika mundura atera dugun ekimena da, eta euskararen alde ez ezik beste herrialdeetako hizkuntza propioen alde egiten ditu urratsak.

11 egunez, hamaika pauso ematekoak zarete. Hainbat proiektu aurkeztu dituzue jada, ezta?
Azaroan aurkeztu genuen 22. Korrika; Pirritx, Porrotx eta Marimotots omendu genituen gerora, eta kanta aurkeztu. Korrika kulturalaz gain, unitate didaktikoa ere plazaratu genuen. Korrika horiek guztiek ere osatzen dute. Korrikak, bestalde, jaia ere badu, baina  euskararen aldeko mezua da nagusi.

"Guraso eta ume askoren erreferente izan dira euskararen transmisioan Pirritx, Porrotx eta Marimotots. Horregatik saritu nahi izan ditugu"

Zer dela eta omendu dituzue Pirritx, Porrotx eta Marimotots?
34 urte daramatzate Euskal Herrian ekimenak, ekintzak eta ikuskizunak euskaraz prestatzen. Garrantzitsua da euskaraz horrenbeste denbora bizirautea sortzaile eta ekintzaile izanik, eta ibilbide hori ere saritu nahi genuen. Guraso eta ume askoren erreferente izan dira euskararen transmisioan, eta horregatik omendu ditugu. Azken finean, euskaraz arituko diren belaunaldiak behar ditugu.

Urtebete atzeratu du koronabirusak Korrika. Zerbait eten du?
Bai, ez soilik Korrika. Guretzat oso traumatikoa izan zen atzeratu beharra. Pandemiak euskara zaurgarri bilakatu du: euskara plazatik, errepidetik eta kaletik atera du; eta jende askori euskaraz bizitzeko aukera kendu dio. Guzti hori berreskuratzeko sasoia da.  Horregatik Korrika handia izango delakoan gaude, jendea gogotsu baitago. Korrikak euskararekiko ilusio eta gogoa piztea gustatuko litzaidake, euskara berriro guztion gogotan eta ahotan egon dadin. AEK-ren mezua argia da: mundu guztiaren eskutan jarri behar dugu euskara. Gure hizkuntzak beste hizkuntzekin berdintasunean jokatu behar du: baliabide, tresna eta aukera berberak behar dira.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide