Sutearen ostean, maiatzaren 23an itzuliko dira Garnicako langileak fabrikara

Aitor Aspuru Saez 2022ko api. 29a, 13:16

Lantegia funtzionamenduan egongo da maiatzean. / Arabako Foru Suhiltzaileak

Sutea ikusgarria izan bazen ere, kalteak ez dira hain garrantzitsuak izan eta beharginak euren lanpostuetara itzuliko dira maiatzean bertan. Sindikatuek negoziatu dute enpresarekin eta ez da enplegua erregulatzeko espedienterik ezarriko. Horren ordez, oporrak moldatuko dituzte.

Garnicako langileek badaukate data euren postuak berriro okupatzeko Laudioko faktorian: maiatzaren 23a. Hau da, asteleheneko sutearen ostean, lantegia ez da hilabete bat osorik itxita egongo, nahiz eta istripuak gar izugarriak sortu zituen.

Geldialdi horri aurre egiteko, Langile Batzordeak eta enpresako zuzendaritzak negoziatu dute eta enplegua erregulatzeko espedientea ezarri ordez, konpainiako 200 beharginek oporrak hartuko dituzte egun horietan. Horrek esan nahi du abuztuan lanean egongo direla aste bat gehiago. Alegia, hiru asteko oporraldia izan ordez, bikoa izango dute. Horrez gain, abuztutik aurrera adostuta zeuden zubietan lan egingo dute.

Edonola ere, hilabete honetako aste bat -maiatzaren 16tik 23ra bitartekoa- enpresak bere osotasunean ordainduko du eta norberak hartzeko beste bi egun ere egongo dira. 

Azkenik, maiatzaren 23an baldintzak ez balira egongo lanera sartzeko, espedientea ezarriko litzateke eta kasu horretan Lanbidek ordainduko du soldaten %70 eta enpresak %85era arte osatuko du.

Asteleheneko sutea

Astelehenean 05:30ak aldera sua piztu zen Garnicako enpresan -lehen 'Maderas de Llodio' bezala ezaguna zena-. Ez zen zauriturik egon, baina irudi txundigarriak utzi zituen ezbeharrak, oso azkar zabaldu baitziren garrak.

Martxoan ere beste sute bat egon zen lantegian eta tximinia batek izan zituen kalteak. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide