ARGAZKIAK

Sarai Robles Vitasek eta Ane Labaka Maiozek lortu dute Faktorian II. Señora Sariketako finalerako txartela

Izar Mendiguren Cosgaya 2022ko mai. 22a, 11:20

Ane Labaka Maioz eta Sarai Robles Vitas dira II. Señora Sariketako bigarren kanporaketako finalistak. 70-80 entzule jarri zituzten irrika eta txaloka oholtzaratutako 6 bertsolariek.

Señora sariketaren bigarren saioa ospatu zen atzo Faktorian. Auzolanean eta elkarlanean antolatu dute ekimena bigarrenez, Euskal Herriko zenbait bertsolari, gai-jartzaile eta zale emakumeek. 18:00etan zegoen jarrita hitzordua, eta handik gutxira ekin zioten emanaldiari Leire Vargas Nietok, Irati Anda Villanuevak, Andere Arriolabengoa Bengoak, Ane Beloki Lopezek, Ane Labaka Maiozek eta Sarai Robles Vitasek, Amaia Agirre Astondoa gai-jartzailearen gidaritzapean. Hain zuzen, azken biek irabazi zuten kanporaketa, eta ondorioz, ekainaren 4ean Leitzan izango den finalean abestuko dute Aner Euskitze eta Amaia Iturriotz Etxanizekin batera. 

Giro beroa nagusitu zen hasieratik amaierara. Lehenbiziko bertsoak Julen Eizgarrek eta Ainhoa Comasek abestu zituzten, Señora Sariketarako prestatutako kopla sorta medio. Hala, atzoko 6 señorek txaloka eta irrika jarri zituzten bertaratutako entzuleak. Ariketa ugari osatu behar izan zituzten, gainera:  binaka, bakarka zein taldean aritu ziren kantuan ertzeko begiradetatik identitate eta gogoeta ezberdinei ahotsa eta gorputza jarriz. 

Lehenbiziko bertsoak Julen Eizagirrek eta Ainhoa Comasek abestu zituzten, Señora Sariketarako prestatutako kopla sorta medio

Hendaian izan zen lehenbiziko kanporaketa maiatzaren 14an, eta Faktoriako saioak hartu zion atzo lekukoa. Hurrengo geltokia Leitza izango da, bertan jokatuko baita finala. Aurreratu dutenez, egun osoko egitaraua prestatuko dute. Ohi gisa, sare sozialetan (Instagram eta Twitterren) plazaratuko dituzte sariketari dagozkien xehetasun guztiak.

Aiaraldea Komunikabideak eta Faktoriako Bor-bor feminismo ildoak lagundu zuten, besteak beste, atzoko emanaldiari bultzada ematen. Faktoriako bertso saioa datorren astean egongo da ikusgai Aiaraldea.eus atarian.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide