ARGAZKI KRONIKA

Laudioko kulturaren oraina eta etorkizuna hizpide Lamuza parkean

Txabi Alvarado Bañares 2022ko mai. 23a, 23:32

Herriko kulturaren egoeraz eta aurrera begirako erronkez eztabaidatu zuten Juan Jose Ibarretxe lehendakariak, Txani Rodriguez idazleak, Izar Mendiguren kazetariak eta Izaskun Alonso margolariak iragan ostiralean.  

Solasaldi berezi batez gozatu ahal izan zuten iragan ostiralean Laudioko Lamuza parkeko Kasinora bertaratu zirenek. Ezohiko ekimena izan zen, batez ere, bertan parte hartu zuten hizlariengatik. Izan ere, Kulturzaleak elkarteko kideek Juan Jose Ibarretxe lehendakaria, Txani Rodriguez idazlea, Izar Mendiguren kazetaria eta Izaskun Alonso margolaria batu zituzten mahai berarekin bueltan, Laudioko kulturaren orainaz eta etorkizunaz hitz egiteko. Txema Urquijok ere parte hartuko zuen solasaldian, baina azken unean huts egin behar izan zuen, lan kontuak medio. 

Alonso arduratu zen mahaingurua dinamizatzeaz, antolakuntzako kidea delako. Kulturzaleak elkartearen nondik norakoak azaldu zituen sortzaileak. SOS Lamuza Parkea plataformatik eratorritako talde bat dela kontatu zuen, eta helburu nagusi bat dutela: Lamuza parkea “kulturaren parke” bihurtzeko dituen aukerak aztertu eta aldarrikatzea. Horretarako egin zuten iaz itsas-edukiontzien ekimena, besteak beste. 

Azalpen horren ostean, beste hiru hizlariei eman zien hitza Alonsok. Laudioko kulturari buruzko ideia ugari plazaratu zituzten, bakoitza bere esperinetzia pertsonaletik abiatuta. Ibarretxek, adibidez, nazioartean (Lehendakari Agirre fundazioko kide moduan) eginiko lanak izan zituen hizpide, eta gauza bat nabarmendu zuen batez ere: herri baten kultura estrategia herri horren sustraietara lotuta egon behar dela.

Txani Rodriguezek, bere aldetik, herrian dauden (eta sortzeke dauden) kultur azpiegituretan jarri zuen arreta, eta azpimarratu zuen ez dela gauza bera sortzaile edo ikusle moduan behar dena. “Egoera ona ez izateak sorkuntza bultzatu dezake, haserreak askotan sorkuntza bultzatzen duelako”. 

Izar Mendigurenek, bere aldetik, Laudion jada egiten den kultura-sorkuntza guztian jarri zuen arreta, eta horren balioa goraipatu zuen, “ekitaldi erraldoi edo azpiegitura handietatik harago”. 

Parkearen aukerak

Solasaldiaren bigarren zatian, Lamuza parkean jarri zuen begirada Alonsok, eta “kulturaren parkea” kontzeptuari buruz hausnartzea eskatu zien beste hiru hizlariei. Ibarretxek nabarmendu zuen parkean garatu daitekeen estrategia herri osoko plangintzari lotuta egon behar dela, eta “eskualde mailan” pentsatzeko garrantzia ere jarri zuen mahai gainean. Mendigurenek bat egin zuen ideia horrekin, eta parkeko azpiegiturei zuku gehiago ateratzearen alde kokatu zen. Rodriguezek, bere aldetik, SOS Lamuza Parkea plataformak eta Kulturzaleak elkartean aritutako kideei eskerrak emateko baliatu zuen bere hitzartzearen zati bat, "uste hauetan zehar eginiko lan guztiagatik".  

Kultura kontseiluan parte hartzeko deia

Dozenaka lagun bertaratu ziren solasaldiaz gozatzera, eta horietako bi animatu egin ziren euren iritzi eta hausnarketak plazaratzera. 

Kulturzaleak elkarteko beste kide batek ere hartu zuen hitza. Laudioko Udalak berriki abian jarri duen Kultura kontseiluan izena emateko deia zabaldu zuen, marko horren sorrerak herriko kulturaren garapean izan dezakeen garrantzia nabarmenduta. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide