ERAKUSKETA BERRIA ASTEBURUAN

Urtearen amaierara arte luzatuko da Kulturlab 01, hainbat jarduerarekin

Txabi Alvarado Bañares 2021ko aza. 25a, 09:31

Lamuza Parkean dauden itsas edukiontzietan egingo dira jarduerak. / Aiaraldea.eus

Herriko sortzaileen bi erakusketa berri eta jarduera kultural ugari eskainiko dituzte Lamuza parkean jarritako itsas-edukiontzietan. 

Urtearen amaierara arte luzatuko da Kulturlab 01 egitasmoa. Hainbat jarduera egingo dituzte datozen asteetan Lamuza parkean kokatuta itsas-edukiontzietan.

Orain arte Laudioko hiru sortzailek baliatu dute espazio hori euren lanak erakusteko: Ander Perez Puellesek, Nerea Apodakak eta Mederi Ferreñok

Bihar (ostirala), aldiz, Leire Orueta, Aitziber Duarte, Belen Herrero eta Nerea Puenteren txanda izango da. Aulki baten lau hanka erakusketa plazaratuko dute lau sortzaileek. Ostiraletik igandera egongo da ikusgai, 18:00etatik 21:00etara.

Larunbatean bosgarren artista bat batuko zaie. Izan ere, Boniface Ofogo ipuin kontalaria ere bertaratuko da edukiontzietara. Dordokaren erritmoan ipuina kontatuko du, hiru aldiz, 18:30etatik aurrera. 

Abenduko aurrerapena

Abenduan egingo dituzten ekintzen berri ere eman dute Kulturlab 01 egitasmoko kideek. Abenduaren 17tik 19ra Arantza Escondrillasen erakusketa ikusteko aukera egongo da parkean. La Familia Inventada taldeak, aldiz, Lambe Lambko Biofilia lana aurkeztuko du eta Leire Sanjurjo dantzariak dantza laborategia eskainiko du. 

Horrez gain, hainbat mahainguru egingo dituzte, “Lamuza Parkeko kultur aukerei buruz hitz egiteko”. Hainbat laudioar esanguratsuk hartuko dute parte solasaldi horietan: Txani Rodriguezek, Juan Jose Ibarretxek, Izaskun Alonsok, Txema Urkijok eta Izar Mendigurenek, besteak beste. 

Solasaldiak antolatuko dituzte Txani Rodriguez, Juan Jose Ibarretxe, Izaskun Alonso, Txema Urkijo eta Izar Mendigurenekin, besteak beste

Horrez gain, Kulturlaben olana erraldoia herritik zabaltzen jarraituko dute, Kulturkom kultur kongresuan ateratako ondorioak jendarteratzeko. 

Kulturzaleak elkarteak antolatu du Kultulab 01 ekimena, helburu nagusi batekin: Lamuza Parkeak Laudioko Kultur garapenean bete dezakeen funtzioa jendarteratzea, “Kultur Sorkuntzarako Parke” bilakatu dadin etorkizunean. Zentzu horretan, elkarteko kideek nabarmendu dute “aukera garrantzitsuak” irekitzen ari direla herrian, baina egunerokoa “geroz eta zailagoa” dela, Kultur etxea itxia dagoelako, besteak beste. 

Indide Out proiektua

Horrez gain, JR artista frantziarraren Inside Out nazioarteko dinamika artistikoan ere parte hartzen ari dira Kulturlab 01 ekimeneko kideak. Luisan Garcia argazkilari laudioarra ari da proiektua bideratzen. Laudioko kultur esparruko 100 lagunen erretratuak egingo ditu, “tokiko kulturaren mapa bisuala egiten hasteko eta Lamuza Kultur Parke bat sortzea aldarrikatzeko”. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide