Ibilbide oparoa egin du Esti Urresolaren Cuerdas filma laburrak orain arte. Rails d'Or saria jaso zuen Canneseko jaialdian, eta Kimuak katalogoan sartu zuten handik gutxira.
Orain, aldiz, Zinemaldirako hautatu dute 30 minutuko ikus-entzunezkoa. Zabaltegi Tabakalera sailean proiektatuko dute lana. Momentuz lau filma labur hautatu dituzte bertan lehiatzeko, baina gehiago sartzea aurreikusi dute antolatzaileek.
Zinemaldiaren 70. edizioa izango da aurtengoa, eta irailaren 16tik 24ra bitartean egingo da.
Esti Urresola "oso pozik" azaldu da albistearekin, era aukera baliatu du pelikularen ekoizpenean parte hartu zuten pertsona guztiei eskerrak emateko.
Dena den, Aiaraldeko zinemagileak ez du Cuerdas lanaren ibilbidea ospatzeko tarte askorik izango, bere fikziozko lehen filma luzearen grabaketan murgilduta baitago uneotan. 20.000 especies de abejas da pelikula horren izena, eta eskualdean grabatzen ari dira eszena gehienak, Ermualden edota Amurrioko igerilekuetan, besteak beste.