Larunbatean izan zen Areta Trail lasterketa, festen barruan. 18:00etan abiatu zen kirol proba, txosnagunetik, eta 141 lasterkari animatu ziren parte hartzera.
Areta Trail taldeak oharra zabaldu du "larunbatean bizitakoaren balantze eta analisia egiteko, eta batez ere, eskerrak emateko". Batetik, boluntarioak izan dituzte gogoan, "haiek gabe lasterketa hau ez zelako posible izango". Bestetik, korrikalarien harrera txalotu dute, "larunbatean huts ez egiteagatik, eta datorren urtean V. Areta Traila prestatzeko gogoak emateagatik". Azkenik, mendian zein Aretan animatzen aritu ziren herritarren jarrera azpimarratu dute, "lasterketa hau handiagoa egiteagatik".
Hurrengo edizioari begira daude, beraz, antolatzaileak jada. "Esan dizkiguzuen gauza guztiak hartuko ditugu kontuan, eta datorren urtean hobetuko dugu. Amaitzeko, milesker denoi hau posible egiteagatik. 2023ko Aretako Trail lasterketan ikusiko gara".
Aiaraldea Komunikabidea izan da probaren babesleetako bat. Ohi gisa, ekimenaren jarraipena egin zuen hedabideak, argazki erreportajea plazaratuta.
Argazkiak: Joseba Garcia Tierra