Laudioko Mugimendu Feministak salatu duenez, zenbait eraso egon ziren atzo gauean herriko kale eta tabernetan. 24 orduz erasoak salatzeko sare eta ekimena jarri dute abian abuztuaren 15etik 17ra, eta 24tik 28ra (625 444 105 telefono zenbakiaren bidez).
Elkarretaratzea deitu du Laudioko Mugimendu Feministak bart goizaldean gertatutako erasoak salatzeko gaur 18:00etan. Amurrion, berriz, 19:00etan izango da beste eraso bat salatzeko mobilizazioa
Sare sozialetan adierazi dutenez, mobilizazioa deitu dute gaurko. Hain zuzen, 18:00etan izango da elkarretaratzea, Alberto Acero plazan.
Aiaraldea Komunikabideak baieztatu duenez, taberna bat baino gehiagotan errepikatu da erasoa. Ertzaintzaren esanetan, gizonezko bat identifikatu zuten atzo exhibizionismoa leporatuta, eta isun administratiboa jarri diote. Alabaina, ez da auzibiderik aplikatuko, adingaberik tartean ez bada ez delako gehiagorik egiten, Ertzaintzak jakinarazi duenez.
Laudioko Mugimendu Feministak ez dela eraso bakarra izan nabarmendu du, eta mobilizaziora batzeko deia luzatu die herritar eta eragile orori.
đź‘żđź“ŁNAZKATUTA GAUDE!
— Laudioko Mugimendu Feminista (@laudiokomf) August 17, 2022
Bart gauean Laudioko taberna eta kaleetan eraso matxistak jazo eta salatu ziren.
GAUR MOBILIZAZIOA!
đź•‘ 18TAN
đź“Ť ALBERTO ACERO PLAZAN
Erasoen aurrean, autodefentsa feminista!#jaiaketakaleakgureakdira@AiaraldekoMF @Otsemeak @aiaraldea
Amurrion ere, beste eraso salaketa bat
Laudiokoa, ordea, ez da jazotako kasu bakarra izan. Amurrioko Mugimendu Feministak mobilizazioa deitu du gaur 19:00etan. "Amurrion atzo gauean beste eraso matxista bat gertatu zen. Ez da jaietan eman den eraso bakarra izan. Ez dugu eraso bakar bat ere onartuko! Emakumeok* autodefentsa feministaz armatuta gaude! Erasorik ez erantzunik gabe!", salatu dute sare sozialetan.
Hori dela eta, elkarretaratzea egingo dute gaur 19:00etan Amurrioko Juan Urrutia plazan.
Amurrio eta Laudioko Udalek, bat mobilizazioekin
Tokiko erakundeek iragarri dute batuko direla Mugimendu Feministak deitutako mobilizazioetara. Laudioko Udalak zabaldu du: "Laudioko Udalak bat egin du gaur arratsaldean, 18:00etan, bart izandako eraso sexista gaitzesteko Laudioko Mugimendu Feministak deituta Alberto Acero plazan egingo den elkarretaratzearekin. Laudioko Udalak ez du inolako eraso motarik onartuko".
Amurrioko Udalak, aldiz, erakunde adierazpena egin du bere atxikimendua emanda mobilizazioari:
"Azpimarratu nahi dugu indarkeria matxista Giza Eskubideen urraketa larria dela eta lehen mailako gizartearazoa; indarkeria pairatzen duten eta hari aurre egiten dioten emakumeen eta LGTBI pertsonen duintasunari eta segurtasun fisikoari eta moralari erasotzen dio.
Indarkeria horiek ez dira ekintza bakanak, baizik eta portaera esplizituen, normalizatutako eta sinbolizatutako mezuen arteko sarea dira. Sare horrek gure gizartea egituratzen du eta horren azken helburua da gizonek emakumeak euren mende izaten jarraitzea eta indarreko sistema heteropatriarkalak markatutako mugak gainditzen dituzten gorputz, eredu edo jarrerarik ez egotea.
Ildo horretan, Amurrioko Udalak, erakunde publiko erantzule gisa, bermatu egin behar du emakumeen eta LGTBI pertsonen Giza Eskubideak eraginkortasunez betetzen direla; hortaz, neurriak sustatzen jarraituko du erakunde publikoek eta herritarrek oro har edozein eraso matxistari berehala eta irmotasunez erantzuteko, biktima lehentasunez artatzeko, prebentziozko jarduerak garatzeko emakumeek eta LGTBI pertsonek indarkeriari aurre egiteko tresnak izan ditzaten, eta erasotzaileen gizarteinpunitatea ez ahalbidetzeko.
Gainera, Udalak konpromisoa hartu du bere eskumenak erabiliz laguntzen eta lanean jarraitzeko, indarkeria matxistarik gabeko bizitza askeak bermatze aldera.
Horregatik guztiagatik, Udalak jakinarazi nahi du erakundeen ordezkaritzak bat datorrela Amurrioko Mugimendu Feministak deitutako deialdiarekin erasoaren gaitzespena adierazteko. Horretarako, 5 minutuko elkarretaratzea egingo da gaur, abuztuak 17, 19:00etan Udaleko plazan".