San Joan errekako dozenaka arrain eta karramarro hil dituzte bi isurketek

Aitor Aspuru Saez 2022ko abu. 19a, 07:20

Isurketa handia gertatu zen atzo San Joan errekan eta bi putzutan zeuden arrainak hil ditu. Horri gehitu behar zaio ohiko eta etengabeko beste kutsaketa puntu bat dagoela ubidean, eta fauna guztiz desagerrarazi duela bere inguruan.

URA Agentzia, Ertzaintza eta Laudioko udaltzainak bertaratu ziren atzo eguerdian San Joan errekara. Izan ere, auzokide batek 112 telefono zenbakira deitu zuen jakinarazteko bi isurketa zeudela eta animali anitz hil zituztela.

Udaltzaingoa 13:00ak baino lehen agertu zen, eta bigarren dei baten ostean, URA Agentziako teknikari bi eta Ertzaintza ere egon ziren inguruak arakatzen.

Salatzaileak Aiaraldea Komunikabideari azaldu dionez, isurketa puntu bat Landaluze 27. zenbakitik gertu dago, "baina gorago. Han kutxatila edo estolda batek gainezka egin zuen eta ur beltzez kutsatu du erreka". Usain gogorra utzi ez ezik, uraren kolorea ere aldatu du eta arrain hilak topa daitezke ubidea jarraiki.

.

Herritarrak berak erakutsi dio teknikari bati sorburua, eta profesionalak aipatu du kutxatila gainezka edota buxatuta egon daitekeela. Hala ere, ez du baztertu norbaitek ur beltzak bere putzutik hara bideratzera. Dena den, atzo Urbidek kutxatila orokorrean garbiketa egin zuen eta gaur enpresa pribatu bidali du azpiegitura hori garbitzeko. Partzuergoko langile batek aipatu dio Aiaraldea Komunikabideari kutxatila buxatu zela eta egiten ari diren lanekin espero dutela bolada batean ez gertatzea berriro.

Beste isurketa puntua Landaluze 19. zenbakian dagoen ataria baino lehen kokatzen da. Herritarrak argitu duenez, isurketa hori etengabe egon da kutsatzen azken hilabeteetan, gutxienez. Berez, karramarro hilak daude inguruan eta azpian eta arrainik ez dago uretan.

Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Zerbitzua ere gertakariaren jakitun da.

Landaluzeko beste auzokide batek adierazi du herenegun katu bat ere hilik agertu zela kutsatutako tarte horretan, printzipioz, indarkeria seinalerik gabe. Hori bai, ez du zehaztu isurketekin harremana zuenik.

Gogoratu beharra dago orain San Joan erreka zabaltzeko obrak egiten ari dela URA Agentzia, uholdeen arriskuak murrizteko. 900.000 euro baino gehiagoko inbertsioa da hori.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide