Hasieran aurreikusitakoa baino milioi bat euro gehiago bideratuko du Laudioko Udalak Antzokiaren eraikuntzara

Txabi Alvarado Bañares 2022ko ira. 3a, 07:00

Latiorron egongo da kokatuta antzokia. / Laudioko Udala

6.506.602,44 euroko aurrekontua berrosatu du tokiko erakundeak, aurreko lehiaketa bertan behera utzi ostean.

Atzo abiatu zuen Laudioko Udalak Antzokiaren eraikuntzaren obrak esleitzeko lehiaketa, bigarren aldiz. Tokiko erakundeak ekainean plazaratu zuen lehen eskaintza, baina ez zuen esleitzerik izan, ez zelako enpresarik aurkeztu. 

Gauzak hala, eskaintza berplanteatu behar izan du tokiko erakundeak, eta nabarmen handitu du obra egitearen truke emateko prest dagoen diru kopurua. 5.180.863,11 euroko eskaintza ekonomikoa plazaratu zuten lehen lehiaketan. Oraingoan, aldiz, 6.506.602,44 eurokoa eskaini dute; hau da, 1,09 milioi eurotan handitu dute espazioa eraikitzeko aurrekontua. 

Ikusteke dago diru extra hori Udalak jarriko duen edo beste nonbaitetik etorriko den. Momentuz, bi erakunde publiko batu dira antzokiaren finantzaziora: Arabako Foru Aldundiak 2 milioi euro jarriko ditu (Aiaraldea ekonomikoki suspertzeko planaren bidez) eta Eusko Jaurlaritzak 500.000 euro.

Epeak

Enpresa interesdunek irailaren 28ra arte izango dute lehiaketara aurkezteko epea, eta urriaren 4an irekiko dituzte eskaintzan gutunazalak. Behin kontratua esleituta, hautatutako enpresak 24 hilebeteko epea izango du lanak hasi eta bukatzeko. Gauzak hala, lehiaketa honek arrakasta baldin badu, antzokia 2024ko urrirako prest egon daitekeela aurreikusi daiteke. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide