Pasa den astean norbaitek bi txakur pozoitu zituen Gardeako auzunean. Animali horien jabeetako batek azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari txakurrak egun txar batzuk igaro dituela eta buru makur egon dela, baina ez duela artatzeko beharrik izan.
Auzokide horrek eta beste batek, ordea, adierazi dute Gardeagotxin beste txakur bat intoxikatu zutela. Antza, jabeak ikusi zuen pertsona batek saltxitxa bat botatzen ziola maskotari eta berehala bertaratu arren, ezin izan zuen ekidin animaliak haragi zati bat jatea.
Dirudienez, saltxitxak pozoia zuen eta txakurra ondoezik jarri zen. Egoeraren larritasuna ikusita, jabeak albaitariarengana eraman zuen, txakurraren osasuna arriskuan baitzegoen.
Hiru txakur hilik Gardean 2020an
Laudioko auzune horretan, tamalez, antzeko gertakariak salatu dituzte aurretik. Izan ere, 2020an hiru txakur hil ziren, estriknina zuen haragia jan eta gero. Aurten ere, txakurren jabeek alarma deia zabaldu zuten, haragi puxka susmagarriak topatu baitzituzten.