ERREPORTAJEA

Norena da Laudio?

Txabi Alvarado Bañares 2022ko aza. 1a, 07:00

Laudioko hainbat lokalek urte asko daramatzate hutsik. / Aiaraldea.eus

Espainiako Gobernuaren arabera, 10 hiri-higiezin baino gehiago dituzte pertsona juridiko zein fisikoak kontsideratu daitezke ‘jabe handi’. Horrelako zenbat daude Laudion? Ez dago galdera horri erantzuteko datu publikorik. 

"La mitad del pueblo es mio y de mi mujer, y la otra mitad lo tengo en alquiler". Hala abesten zuen Pirulo Txou umore talde laudioarrak 1990. hamarkadan, The Offspring taldearen kanta bat bertsionatuz.

Kanta horrek erreferentzia egiten zion Laudion askotan komentatu baina gutxitan azaleratu den uste bati: Norenak dira herriko lokal gehienak? Zenbat ‘jabe handi’ daude herrian?

Horri buruz galdetu diogu Ilargiko tabernaria den Pili Carrillo Markinezi. Batzalarrin kaleko hainbat gune seinalatu ditu, bere tabernako terrazatik mugitu gabe. “Lokal hori, taberna hori, pisu horiek… nire tabernako lokalaren jabeek beste hainbat jabego dituzte hemen bertan, eta Lamuza Parketik gora dagoenaren zati bat ere eurena da”. 

Ez dago Laudion zenbat ‘jabe handi’ dauden jakiteko datu publikorik

La Viña taberna ere bada Laudioko ‘jabe handi’ batena, Nandi Atxa Gorostiagak zehaztu duenez. “Erdiguneko hainbat lokal dira familia berarenak”. Hala ere, tabernari erretiratuak ez du uste Laudio jabe gutxiren artean banatzen denik: “Langile askok erosi zituzten aspaldi lonja eta pisuak. Pisuek bere garaian 100.000 pezeta balio zezaketen eta diru hori, Acerosen  edo Tubacexen orduak sartuta, erraz ordaindu zitezkeen, gaur egun ezinezkoa dena. Horrek eragin zuen jabetza gehiago banatzea. Beste herri batzuetan, aldiz, kazike gehiago egon dira”. 

Hala ere, Pili eta Nandirenak bi iritzi baino ez dira. Benetako errealitatea zein den jakiteko, datuetara jo beharko litzateke. Eustatek plazaratutako datuen arabera, 2020. urtean 1.615 eraikin zeuden Laudion. Horietako 1.076  etxebizitzetara bideratuak zeuden, 218 lokaletara eta 321, aldiz, bi funtzioetara. 

Baina, nortzuk dira eraikin horiek jabeak? Datu horiek jada ez dira publikoak. Espainiako Gobernuak emandako irizpideen arabera, ‘jabe handitzat' hartu daiteke 10 hiri-higiezin baino gehiago dituena. Espainiako Ogasun Ministerioak emandako datuen arabera, Madrilen eta Bartzelonan pilatzen dira 'jabe handi' gehienak (%20). Probintzia guztietako datuak eskaintzen ditu ministerioak, Hego Euskal Herrikoak salbu, bertako datuak bertako katastro agentziek kudeatzen dituztelako.

‘Jabe handien’ afera eztabaida publikora atera da azken hilabeteetan, Espainiako Gobernuak alokairuak mugatzeko hartutako neurrien testuinguruan. Laudiora ere egin du jauzi eztabaidak. Omnia alderdiak, adibidez, zoru librea duten ‘jabe handiei’ Ondasun Higiezinen gaineko Zerga “ahalik eta gehien” igotzea proposatu du ordenantza fiskalen eztabaidan.

Gaiak, beraz, badu mamia, abesti baten estrofatik harago.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide