Bederatzi urtez jarraian Korrikaren lau edizio gidatu ostean, Asier Amondo laudioarrak iragan irailaren 30ean utzi zion AEKren eta euskararen aldeko ekimen erraldoiaren arduradun nagusia izateari. Aurrerantzean Ane Elordik hartuko du bere lekukoa.
"Korrikari hauspo berria eta odol berria emateko unea" dela iritzita, bertan egindako ibilbidea amaitutzat jo du Amondok. Aurrerantzean AEKn jarraituko du bestelako zereginetan. Erabakia aspalditik zuen hartuta laudioarrak, baina "pena puntu batekin" agurtu du lasterketa erraldoiaren koordinatzaile izatearen ardura.
Asier Amondok "pribilegiotzat" jo du Korrika gidatzeko aukera izatea, eta egindako ibilbidearen balantze oso positiboa egin du, urte guzti hauek "zoragarriak" izan direla aitortuz: "9 urte hauetako ibilbidea zoragarria izan da, aberasgarria. Jende asko ezagutzeko aukera izan dut, jende askorekin Korrikaren gorabeherak partekatzeko aukera eta jende askorengandik gauzak jasotzeko eta nire burua aberasteko aukera".
Ibilbide luzea
Asier Amondo 1988an hasi zen AEKn euskara irakasle. 1993 eta 2003 urteen bitartean Laudioko euskaltegiko arduraduna izan zen, eta 2003az geroztik AEKren Artezkaritza Kontseiluko kidea izan zen. Sasoi horretan lasterketa erraldoiaren 15., 17. eta 18. edizioetako Korrika Batzorde Nazionaleko kidea izan zen. 2005ean Arabako AEKren koordinatzaile gisa aritu zen, harik eta 2013an Korrikaren ardura nagusia bere gain hartu zuen arte, lasterketaren 19. edizioan, hain zuzen ere. Ordutik, Korrikaren lau edizio gidatu ditu Amondok.