Urko Ruiz laudioarrak brontzea lortu du Euskadiko Selekzioarekin Espainiako estatuko hockey txapelketan

Allende Solaun Boada 2022ko aza. 7a, 12:33
Urko Ruizek lau gol sartu zituen guztira. / Ganbegi

Urko Ruiz Larizgoitiak hirugarren postua eskuratu du Euskadiko Selekzioarekin  urriaren 29tik azaroaren 1era izan den Espainiako Gazte Selekzio Txapelketan. 18 urtetik beherakoen kategorian lehiatu da laudioarra.

Espainiako Gazte Selekzio Txapelketako brontzezko domina erdietsi du Urko Ruiz Larizgoitia hockey jokalari laudioarrak Euskadiko Selekzioarekin, 18 urtetik beherakoen kategorian. Urriaren 29tik azaroaren 1era bitartean izan da lehiaketa, Madrilen.

Guztira, lau gol sartu ditu Ruizek jokatutako bost partidetan, selekzioko 'pitxitxien' taularen buru bilakatuz. Asturiasen eta Madrilen aurkako multzoko partidetan, txapeldun izan den Kataluniako taldearen aurkako finalerdian eta Andaluziaren aurkako hirugarren eta laugarren posturako partidan markatu zituen golak kirolari gazteak. “Lehenengo aldia da selekzioko pitxitxi naizela. Beste jokalari batek eta biok lau gol egin ditugu eta ilusio handia egin dit hori lortzeak”, adierazi du.

Lorpenaren inguruko balorazio positiboa egin du laudioarrak: “Oso ondo jaso dugu emaitza. Baneramatzan bi urte Euskadiko Selekzioarekin batera txapelketa honetan parte hartzen eta aurten 3. postuan gelditzeak poza sortu digu guztioi”.

Ez da Laudioko kirolariak Euskadiko Selekzioarekin batera txapelketa honetan parte hartzen duen lehen aldia. Izan ere, 16 urtez azpiko kategorian birritan parte hartu du, 2018/2019 eta 2020/2021 denboraldietan bosgarren eta seigarren sailkatuz, hurrenez hurren.

Datorren denboraldiari begira, laudioarrak azaldu du ez dela berriro lehiatuko txapelketa horretan Euskal Selekzioarekin batera, ez baitago kirolari nagusiagoentzako kategoriarik, gazteen mailan amaitzen baita. “Gustatuko litzaidake maila bat gehiago egotea”, aitortu du.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide