Azaroaren 2an aurkeztu zuen Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak 2023rako aurrekontu proiektua. 849,8 milioi euro aurreikusi ditu, aurten baino 73 milioi gehiagorekin.
Horietatik 2.183.440 euro izango dira Laudio Glass Hubentzako, “beiraren sektorean deskarbonizazio-ekintzak sustatzeko”. Iazko uztailean aurkeztu zuen Laudioko Udalak Laudio Glass Hub proiektua, "Europako beiraren erreferente" bihurtzeko asmoarekin. Gainera, Arabako Foru Aldundiak milioi erdi bat gehiago emango dizkio proiektuari.
Diru horrekin elektrolizagailu bat instalatu nahi dute, erreakzio kimikoaren bidez hidrogenoa sortzen duena. Izan ere, Laudioko beiraren industria da gas naturala modu estentsiboan kontsumitzen duen sektoreetako bat, eta deskarbonizazioa da, hain zuzen, Aiaraldea eskualderako Berehala Jarduteko Planaren ardatz nagusietako bat.
Aurrekontuen aurkezpen agerraldian, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiak jakinarazi zuen Aiarako industriarako "hidrogenoa sortzeko eta kontsumitzeko azpiegitura bat" sortzea aztertzen ari direla, elektrolizagailu bat ezartzearekin batera.