Eraso matxista jazo da gaur goizean Laudion, kirol saio batean. Lekukoen esanetan, goizeko kirol saioan gizonezko batek bi emakume jo ditu. Erasoa jasan dutenek salaketa jarri dute ertzain etxean, osasun zentroan artatu eta mediku txostena jaso ostean. Bikote emakumeak Aiaraldeari adierazi dionez, ez dakite erasoaren arrazoia lesbofobia edo zein izan den; baina, ulertezina eta onartezina dela iritzita, salatzea erabaki dute.
Ertzaintzaren Prentsa Bulegoak adierazi duenez, erasoa fisikoa izan da, "ez indarkeria matxista". Laudioko Mugimendu Feministak, bere aldetik, babesa helarazi die erasoa jasan dutenei.
Bi urtetan, salatutako 3 eraso
Ez da eraso lesbofobo edo homofoboak eskualdean gertatu diren kasu bakarra. Iazko abuztuan eraso homofoboa salatu zuen Amurrion mutil gazte batek, eta agerraldi eta mobilizazio bidez eman zitzaion erantzun soziala nola Arespalditzan hala Amurrion.