Emiliana de Zubeldia konposatzailearen pieza batekin hasi zuen emanaldia Oyarzabalek. Jarraian, mikrofonoa hartu zuen musikariak, ikusleei ongi etorria egin eta jarraian joko zituen konposizioak aurkezteko. "Bidaia" bat proposatu zien pianojoleak bertaratutako bizilagunei, Estatu Batuetako, Frantziako, Txekiar Errepublikako eta Venezuelako konposatzaileen bidez.
Emakumezkoek eginikoak izan ziren Oyarzabalek jo zituen pieza guztiak. Horretan aritu da, hain zuzen, laudioarra azken urteetan: emakume konposatzaileen pieza klasikoak berreskuratu eta pianoan grabatzen. La Muse oubliée disko sarituan plazaratu zuen eginiko lana. Kontzertua amaitzerakoan, entzuleek aukera izan zuten disko hori formatu fisikoan eskuratzeko.
Gabonetan familiarekin egoteko tartea izango duen arren, bere ohiko erritmoa berreskuratuko du laster Oyarzabalek, hainbat kontzertu baititu programatuta, Californian eta Salzburgon, besteak beste.