Kartelak jartzeko gune berriak atontzeari ekin dio Laudioko Udalak

Txabi Alvarado Bañares 2023ko urt. 12a, 09:33

Alberto Acero plazan jarri duten lehen panela. / Aiaraldea.eus

Alberto Acero plazan jarri dute lehena, eta beste bost jartzea aurreikusi du tokiko erakundeak. 

Kartelak jartzeko panelak instalatzeari ekin dio Laudioko Udalak herriguneko hainbat gunetan. Alberto Acero plazan jarri dute lehena, eta beste bost jartzea aurreikusi dute, "Elizalde kalean eta Lamuza plazan, besteak beste". Auzoetan ere jarriko dituzte, "baina aurrerago", prentsa oharrean aurreratu dutenez. 

Zehaztu dutenez, panelek bi alde izango dituzte. Aldeetako bat kristalez estalita egongo da, eta Udalan antolatu edota babestutako ekitaldien kartelak jartzeko baliatuko da. Atzeko aldea, aldiz, agerian egongo da, eta edozein elkarte edo eragilek baliatu ahalko du bere jaduerak iragartzeko, "edozein unetan". 

Garbiketa ordenantza indarrean

Udalak azaldu duenez, "Kulturaren Plan Estrategikoan hartutako konpromisoetako bat" betetzeko jarri dituzte panelak. Hala ere, kartelak jartzeko espazioen eztabaidak soka luzea ekarri du Laudion azken urteetan. Udalak 2010ean jarri zuen indarrean ordenantza hori, eta 750 eta 1.500 euro arteko isunak aurreikusi zituen kartelak baimendutako espazioetatik kanpo jartzeagatik. 

Gauzak hala, azken urteetan hainbat elkarte eta norbanako isundu dituzte arau hori baliatuta. Kasurik sonatuetan Laudioko Mugimendu Feministarena izan zen, 3.000 euroko isuna jaso baitzuen 2021ean martxoaren 8ko kartelak jartzeagatik: 

Eztabaidak Udalbatzara egin zuen salto urte bereko urrian. Laudioko 27 elkartek mozioa aurkeztu zuten plenoan, garbiketa ordenantza aldatzeko. EH Bilduk eta Omniak bozkatu zuten proposamenaren alde. EAJ eta PSE-EE aldiz, aurka lerratu ziren. 

Pleno horretan aurreratu zuen Udal Gobernu taldeak kartelentzako panel berriak jartzeko aukera. Orain arte, zilindro formako metalezko azpiegiturak egon dira kartelak jartzeko espazio baimendu moduan, baina horietako bat (Araba kalearen eta Zumalakarregi etorbidearen artean zegoena) iaz kendu zuten, oinarria herdoildu egin zitzaiolako urteetako erabileraren ondorioz. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide