Laudio Autoglasek 8 milioi euroko inbertsioa egingo du bi produkzio lerro berri zabaltzeko

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko eka. 18a, 10:55

Laudioko lantegia, artxibo irudi batean. / Iban Pagalday

Enpresa Batzordeak positiboki baloratu ditu zuzendaritzak aurkeztutako neurriak, lantegiaren etorkizuna bermatzeaz gain, eskualdeko enpleguaren aldeko apustua dela iritzita.

8 milioi euroko inbertsio berria aurkeztu zuen atzo Laudio Autoglasek. Horren bidez, labe berria instalatuko dute lantegian eta produktu eta lerro berri oso bat ekoizteari ekingo diote. Lantegian instalatuko den 8. labe horrek urtean 800.000 pieza ekoizteko gaitasuna izango du. Zuzendaritzak "produktu-gama handitzeko apustu estrategikotzat" jo du inbertsioa.

Gainera, mozketa linea berria ere instalatuko dute eta, horri esker, orain arte fabrikatu ezin zituzten zenbait modelo atera ahalko dituzte Laudioko faktoriatik.

Enpresaren aurreikuspenen arabera, datorren urteko apirilean hasiko dira makineria berria lantegian jartzen. Dena ondo bidean, 2022ko azaroan funtzionamenduan egongo lirateke bi lerro berri horiek.

"Aiaraldeko enplegua bermatzeko urratsa" dela adierazi dute Enpresa Batzordeko kideek

Inbertsio gehiago

Inbertsio berri honi 2020ko urrian Parter Capital taldeak iragarritako 5 milioi euroko inbertsioari gehitu behar zaio.

Orduan iragarritako diru partida hori, 3 azpiegitura berri egokitzeko bideratu dute: garbigailua, laminazio lerroa eta ikuskatze sistema berria. Instalazio berri horiek ere aurki egongo dira funtzionamenduan.

Enpresa Batzordearen balorazioa

Langileen ordezkariak pozik azaldu dira enpresak aurkeztutako neurriekin. Azpimarratu dute 8 milioi eta 5 milioi euroko azken inbertsioak lantegiaren etorkizunaren aldeko apustu argia direla. Horrez gain, oso modu positiboan baloratu dituzte ere bi produkzio lerro berriek epe ertainean sortuko dituzten lanpostuak.

"Aiaraldeko enplegua bermatzeko urratsa" dela adierazi dute Enpresa Batzordeko kideek, eta inbertsioek Laudioko lantegian ez ezik, eskualde osoan ere eragina izango dutela azaldu dute.

Laudio Autoglas

Parter Capital Group AG inbertsio talde suitzarrak 2020ko martxoan, erosi zuen Guardain enpresako ibilgailuen linea, COVID-19ak eragindako pandemia hasi berri zenean, eta Laudio Autoglas sortu zuen. Salmentaren ostean, Guardian 209 langilerekin geratu zen, duela 10 urte baino 600 gutxiago.

Laudio Autoglasek, bere aldetik, Enpresa Batzordea osatu beharra zuen, eta azaroan egin zituzten hauteskunde sindikalak. 181 langiletik 162k bozkatu zuten eta ELA sindikatua atera zen garaile, bozen gehiengoa lortuta.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide