Berlingo Nazioarteko Zinema Jaialdian estreinatuko da Esti Urresola Solagurenen 20.000 especies de abejas filma. Otsailaren 16tik 26ra bitartean egingo da jaialdi horren 73. edizioan, eta bertako Sail Ofizialean ikusi ahalko da zinemagile laudioarraren fikziozko lehen filma luzea.
Lorpen esanguratsua erdietsi du Urresolak, berea izango baita Berlinaleko Sail Ofizilaean estreinatuko den lehen euskal filma. Pelikula iaz grabatu zen euskaraz, gazteleraz eta frantsesez, “Horren izen handiko jaialdi baten sail ofizialean euskara entzungo den lehen aldia izango da honakoa”, nabarmendu du filmaren atzean dauden ekoiztetxeek prentsa ohar baten bidez.
“Horren izen handiko jaialdi baten sail ofizialean euskara entzungo den lehen aldia izango da honakoa”
Filma iaz grabatu zen Euskal Herrian, eta Aiaraldea izan zuen agertoki nagusi. Urresola eta bere lan-taldeak aste ugari eman zituen Ermualden grabatzen, eta eskualdeko beste hainbat txokotan ere aritu ziren, Amurrioko igerilekuetan kasu.
Hiru ekoiztetxe daude proiektuaren atzean: Gariza Films, Inicia Films eta Sirimiri Films. Prentsa oharrean nabarmendu dute filmaren lan-talde ia guztia dagoea emakumez osatuta. Sofia Otero da pelikulako protagonista, eta honakoa izan da zinemarako egin duen lehen lana. Berarekin batera agertuko dira pantailan Patricia López Arnaiz (Aktore onenaren Goya irabazi zuena Ane filmagatik), Ane Gabarain (Patria), Itziar Lazkano (Estoy vivo), Martxelo Rubio (Maixabel), Sara Cózar (Erlauntza), Miguel Garcés (Intimidad), Unax Hayden (Irati) eta Andere Garabieta.
Urresola pozik azaldu da albistearekin: «Berlinen estreinatzea zoragarria da, ezertarako espero ez nuen ametsa. Espero dut honek balio izatea filma jende gehiagorengana iritsi dadin”.
Neska transexual baten eta bere familiaren istorioa kontatzen du filmak. “Erleak naturaren bioaniztasunaren bermatzaileak dira niretzat, eta filma aniztasunaren kantua denez, gauza asko kontatzen laguntzen zidaten aldi berean, batez ere familiaren erlauntzaren irudiaren bidez", azaldu du zuzendariak, "beste elementu garrantzitsu bat familiak filmaren hasieran zeharkatzen duen muga da, muga geografiko bat eta muga mental bat, gure buruaren eta aurrean ditugun pertsonen sinesmen jakin batzuk gainditzeko ditugun zailtasunez hitz egiten duena”.
Berlinalen estreinatzeko txartela ez da izan Urresolak azkenaldian erdietsi duen lorpen bakarra. Zinemagile laudioarraren Cuerdas filma laburra Cannesen saritua izan zen, eta Goya sarietara izendatua dago, fikziozko filma labur onenaren kategorian.
Espainiako Estatuan estreinaldia apirilaren 21ean
Gainera, filma badu dagoeneko Espainiako Estatuan estreinatzeko data. Apirilaren 21ean iritsiko da zinema aretoetara, Bteam Pictures banatzailearen eskutik.