Aste amaiera bizia izango dute Glavistako langileek. Eusko Jaurlaritzarekin bilduko dira bihar, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailarekin. “Informazio zehatzagoa eskatuko dugu negozioaren balizko salmentaren egoerari buruz, baita erosle potentzialari buruz ere”, zehaztu du ELAko sail sindikalak sare sozialetan, “izan ere, badakigu Eusko Jaurlaritzak prozesu horren berri duela”.
Gainera, presioa egitea eta bidea erraztea eskatuko diote erakunde publikoari, “Parter Capitalek Glavistatik alde egin dezan eta negozioa saltzeko bidea argitu dadin”.
Mobilizazioa ostiralean
Horrez gain, urrats bat gehiago emango dute langileek. Azken bi asteetan elkarretaratze jendetsuak egin dituzte lanteagiaren sarreran:
Ostiral honetan, aldiz, manifestazioa egingo dute Laudion barrena, 17:30ean Herriko plazatik abiatuta. “Ahalik eta jende gehien” bertaratzeko deia luzatu dute.
Duela ia hiru aste ekin zioten Glavistako langileek mobilizatzeari, enpresa hartzekodunen aurrelehiaketan sartu zenean. Euren hitzetan, enpresaren jabea (Parter Capital inbertsio talde suitzarra) “funts-putre” bat da, eta lantegiak deskapitalizatzea beste helbururik ez du.
Era berean, Guardiani egotzi diote gertatutakoaren erantzunkizuna, multinazionala izan baitzen Glavista osatzen duten lantegiak Parter Capitali saldu zizkiona 2020an, “bat-batean eta aurretiazko informaziorik gabe”.
Erantzunik ez Parter Capitalen eskutik
Enpresa Batzordeko kideek gogorarazi dute hainbat aldiz eskatu diotela bilera Parter Capitali, baina ez dutela erantzunik jaso. “Email batean bidali dizkiegun galderak erantzutera mugatu dira, eta aitzakiak baliatuta gainera”, salatu dute langileen ordezkariek.