Laudioko Udalak Larragorri-Jesuriko parke eolikoa interes publikoko proiektu izendatu nahi du, Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformaren ustez

Jone Gartzia Gerra 2023ko ots. 2a, 17:55
Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak oharra kaleratu du Udalaren jokabidea gaitzesteko. / Aiaraldeko Mendiak Bizirik

Laudioko Udalak eskaera egin dio Arabako Foru Aldundiari Larragorrin instalatu nahi duten anemometroaren interes publikoa deklaratzeko eta gezurtatu du plataformak egotzi dion “lege-iruzurra”. 20 eguneko epea dago alegazioak aurkezteko.

Gaur bertan plazaratu du Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak prentsa oharra. Izan ere, atzoko -otsailak 1- Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean (ALHAO) argitaratu zen 14/2023 Foru Aginduarekin, hasierako onespena eman zitzaion Green Capital Development enpresak Larragorri-Jesurin egin nahi duen parke eolikoaren interes publikoa adierazteko espedienteari. Zehazki, horrela dio Foru Arauak: “Hasierako onespena ematea Green Capital Development 147, SLUk sustatutako Larragorri M0857 izeneko proiektu honen interes publikoa adierazteko espedienteari: aldi baterako dorre anemometrikoa instalatzea Laudioko udalerriko lurzoru urbanizaezinean, 7 poligonoko 474 lurzatian”.

ALHAOan azaltzen denaren arabera, Green Capital Development enpresak obretarako udal lizentzia eskatu dio Laudioko Udalari, lurzoru urbanizaezinean aldi baterako dorre anemometrikoa instalatzeko. Enpresa sustatzailearen xedea “parke eolikoak eraikitzea, sustatzea eta ustiatzea” da. Udalak espedientea bidali du proiektuaren interes publikoaren adierazpena izapidetu dadin eskatzeko, eta hasierako onespena eman diote. Orain, Arabako Foru Aldundiari (AFA) dagokio eskaera aztertzea.

“Eskaeran jasotakoaren arabera, gaur egun Larragorriko parke eolikoa egitea aztertzen ari da eta, horretarako, eremu horretako potentzial eolikoaren xehetasun azterketa egin behar da”, dio Foru Aginduak. Foru Agindua argitaratu zenetik (atzo, otsailak 1) hogei eguneko epea dago “nahi duen orok egoki iritzitako alegazioak” aurkezteko. Interesdunek Lurralde Antolamenduaren eta Hirigintzaren Zerbitzuan azter dezakete espedientea. Nolanahi ere, Foru aginduak izapide egintza ez kualifikatuaren izaera duenez, “haren aurka ezin da errekurtsorik aurkeztu”.

Hau horrela, Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformako kideek gertatutakoa salatu dute, euren iritziz ez baititu betetzen “Aiarako Eremu Funtzionalaren Lurralde Plan Partzialaren lurralde-zehaztapenak, Orozkoko eta Amurrioko udalerrien hirigintza-araudiak, nekazaritza eta basozaintzako plan sektoriala, eta, gainera, ez du sostengua ematen dion energia berriztagarrien plan sektorialik”. Horregatik, salatu dute proposamenak lege-iruzurra egiten duela eta bide hori hartuta Udalak “udal- eta lurralde-kudeaketako administrazio-izapideen kudeaketa ordenatua, gardena eta parte-hartzailea” saihestu nahi duela.

Laudioko Udalak Aiaraldea Komunikabideari azaldu dio anemometroaren instalazioa interes publikokoa dela deklaratzeko espedientea hasteko eskatu diola AFAri eta orain honek “aztertu eta zehaztuko” duela. Udalak komunikabideari argitu dio “ezin dela lege-iruzurrik egon Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak (LAG) prentsan aipatzen diren gainerako tresna arauemaileen gainetik daudelako”. Era berean, tokiko gobernuak azaldu du “horretarako ireki dela alegazioak aurkezteko epea, nahi duenak gai horiek azal ditzan eta Aldundiak ebatz ditzan”.

Euskalmeten neurgailua

Era berean, Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak gogorarazi du dorre anemometrikoa ezarri nahi duten tokitik sei kilometro ingurura badela Euskalmeten estazio meteorologiko bat, Untzueta mendiaren tontorrean. Taldeak aditzera eman duenaren arabera, 20 metroko altuera duen haize sentsorea du eta hamar minuturo egin ditzake neurketak. Estazioa 764 metroko garaieran kokatuta dago, “Elorritxugane-Larragorri baino altuago”. Areago, Untzueta-Bikotzganeko gandorrean dago instalazioa, Mendigiza mendilerroan; eta, Orozkoko Udalak jakinarazi zuenez, bertan beste parke eoliko bat instalatzeko proposamena dago. Horren aurrean, Laudioko Udalak adierazi du estazioa ezin dela erabili etorkizuneko parkearen eremuan ez badago.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide