Vidrala enpresak pasa den astean jakinarazi zion Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari 53 milioi euroko inbertsioa egin duela Brasilen, Vidroporto konpainiaren %29,36 erosteko.
Multinazioanalaren asmoa da enpresako kapital osoa bereganatzea, bere jabetzari lotutako zenbait epaiketa amaitzean. Berez, egitasmo horrekin Hego Ameriketako merkatuan plataforma izan nahi du beira ekoizten duen taldeak.
Azkenaldian bere presentzia zabaltzeko mugimendu gehiago egin ditu Carlos Delclauxen korporazioak. Hain zuzen, iaz 34 milioi euro gastatuta, botilatzeko faktoria erosi zuen Ingalaterran, Bristolen.
Bitartean, inbertsioek ez dute islarik izan Aiaraldean. Guztiz kontrakoa. Otsailaren hasieran zuzendaritzak adierazi zien Aiala Vidrioko sindikatuei aurrera egingo duela bere asmoarekin eta 2025ean 90 behargin gutxiagorekin funtzionatzeko plana aurkeztuko diela laster. Printzipioz, kaleratze traumatikorik ez du aurreikusten konpainiak.