Etorkizuna argitzeko zain egonda ere, Autoglas-Glavistako langileek kalera ateratzen jarraitzen dute

Aitor Aspuru Saez 2023ko ots. 16a, 15:30

Gaur Aldai plazan ordu eta erdiko elkarretaratzea egin du Autoglas-Glavista enpresako langile batzordeak. Jende ugari batu da deialdira, eskualdeko hainbat behargin tartean.

Autoglas-Glavista enpresako langileek ezjakintasunaren erdian jarraitzen dute, konpainiaren etorkizunari dagokionez, baina ez diote uko egin mobilizatzeari. Izan ere, gaur eguerdian Aldai plazan egon dira ordu eta erdiz eta bihar ere 13:00etan batuko dira lantegiko sarreran.

Langileen ordezkari batek azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari azken egunetan ez dela egon berririk: "Azarotik lantegia geldirik dago eta duela bi aste elektrizitaterik gabe, Parter Capitalek ez baitu ordaindu hornidura zerbitzua. Hurrengo astean berriro bilduko gara zuzendaritzarekin, baina ez da ezer berririk jazo azken astean. Hau da, badakigu beiraren sektoreko enpresa bat interesatuta dagoela konpainiaren erosketan, baina ez da ezer aurreratu".

Autoglas-Glavista hartzekodunen aurrelehiaketan dago eta hori dela medio, 250 langile ingururen etorkizuna zalantzan dago. Beharginek hainbat mobilizazio egin dituzte jadanik eta bide horretatik jarraituko dute, Guardian -aurreko jabea eta hartzekodun nagusia- eta erakundeak sakatzeko eta herritarren babesa lortzeko.  

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide