Albiste onak Autoglas-Glavista enpresan, baina zuhurtziaz hartu dituzte langileek

Aitor Aspuru Saez 2023ko ots. 24a, 16:26

Enpresaren itxieraren kontrako mobilizazio jendetsu ugari egin dira azken asteetan. / Aiaraldea.eus

Parter Capitaleko abokatuak aipatu die langileen ordezkariei Autoglas-Glavista saltzeko aurreakordioa dagoela, baina oztopo batzuk daudenez bidean, sindikatuek zuhurtziaz hartu dute berria.

Aste honek albiste onak utzi ditu Autoglas-Glavista enpresari dagokionez. Hala ere, egoera bere osotasunean ez denez argitu, beharginen ordezkariek nahiago dute zuhur jokatzea.

Izan ere, ELA sindikatuko abokatua harremanetan jarri da Parter Capital funts suitzarraren abokatuarekin, konpainiaren egoera ezagutzeko. Antza, Parter Capitalek eta beste enpresa batek aurreakordioa sinatu dute Laudioko lantegia saltzeko.

Badirudi jabe berriak langile kopurua eta lan baldintzak mantenduko lituzkeela.

Hori positiboa litzateke Autoglas-Glavistako langileentzat, Parter Capitalek ardurak bere gain hartzeari utzi baitio. Laudioko lantegiak, adibidez, bi aste daramatza argindarrik gabe, ez dutelako hornitzailea ordaindu.

Lehen oztopoa, epaitegiak

Ziurgabetasunarekin amaitzeko beharrezkoa den lehenengo urratsa da epaitegi batek akordioa balioztatzea. Bide horretan aldagai gehiago daude, Autoglas-Glavista, printzipioz, hartzekodunen aurrelehiaketan baitago.

Edonola ere, traba handiena da epaitegiak geldirik daudela letradunen greba dela eta. Hau da, momentuz, Justizia Administrazioan lana pilatzen ari dira eta horrek dena atzeratuko luke.

Horrez gain, langile ordezkariek galdera ugari dituzte erantzun gabe: zein den eroslearen industria plana edota zer gertatuko den Valentzia eta Alemaniako azpiegiturekin, besteak beste.

Hori guztia dela medio, sindikatuek positibotzat jo dute berria, baina tentuz hartu dute, ezer bukatu ez dela iritzita.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide