Igoera nabarmena egon da Vidralako zuzendaritzako eta administrazio kontseiluko kideen soldatetan. 2021an 4,7 milioi euro jaso zituzten guztira. 2022an, ordea, 10,5 milioi banatu zituzten 28 kideren artean. Aipatzekoa da 28 pertsona horietako 5 baino ez direla emakumezkoak.
Hori ondorioztatu daiteke konpainiak Balore Merkatuaren Espainiako Batzordean aurkeztutako txostenak ikusita.
8,6 milioi zuzendaritzako kideen artean
Soldata igoera ikusgarriena zuzendaritzako kideen artean jazo da. 2021ean 12 goi kargudun zeuden enpresan, eta 3.320.000 euro jasotzen zituzten guztira. Iaz, aldiz, 14 izatera pasa ziren, eta 8.604.000 euro banatu zituzten guztira euren artean.
Hauek dira zuzendaritzako kideak (txostenek ez dute zehazten zenbat diru jaso zuen bakoitzak):
- Adrian Curry (General Manager Encirc)
- Sean Murphy (Finance Director Encirc)
- James Currie (Human Resources Director Encirc)
- Robert Turvey (Sales Director Encirc)
- Patrick O'Doherty (Glass Operations Director Encirc)
- Angel Roldan Maiz (Zuzendari komertziala)
- Oriol Moya (Esplotazio zuzendaria)
- Raul Gomez (Finantziazio eta ekonomia zuzendaria)
- Joseba Fernandez de Mendia (Giza baliabideen zuzendaria)
- Gorka Schmitt Zalbide (Zuzendari nagusia)
- Victor Tolosa (Esplotazio zuzendaria)
- Mark Holmes (Beverages Operations Director Encirc)
- Fiacre ODonell (Jasangarritasun zuzendaria)
- Anita Galligan (Strategic Projects and Risk Director Encirc)
Ia 2 milioi euro administrazio kontseiluko kideen artean
Administrazio kontseiluko kideen artean, aldiz, igoerak ez dira horren nabariak. 1.990.000 euro banatu zituzten iaz 14 kontseilarien artean. Hau izan zen banaketa pertsonaz pertsona:
2021an, aldiz, 1.449.000 euroa izan zen kopurua, baina kontuan hartu behar da orduan 3 kide gutxiago zeudela Vidralako agintaritza-organo gorenean.
Hala ere, nabarmentzekoa da Carlos Delclauxek (Vidralako presidentea) bere soldata eta dietak bikoiztera pasa dela. 508.000 euro jaso zituen 2021an, eta 990.000 euro, aldiz, 2022an. Baina kontuan hartu behar da 990.000 euro horietako 455.000 euro “epe luzerako ordainketa aldakor” moduan jaso zituela (hau da, ez dira ohiko soldataren barruan kokatzen).
Dena den, aipatzekoa da Administrazio Kontseiluko kide ugari (Carlos Delclaux bera tartean) Vidralaren akziodun esaguratsuak direla, eta modu horretan ere jasotzen dutela dirua, dibidendoen bidez.
Carlos Delclauxen 20 urte bete zituen iaz Vidralako presidente moduan, eta bera eta bere familia 91. postuan daude Espainiako Estatu pertsona aberatsenen zerrendan.
Lanpostuak suntsitzeko arriskua
Zuzendaritzako eta administrazio kontseiluko kideen egoerak kontrastea egiten du Laudioko lantegietako langileenarekin. Enpresak 90 enplegu suntsitzeko asmoa iragarri du Aiala Vidrion 2025. urterako, azpiegiturak modernizatu nahi dituelako. Horrez gain, langileek greba egunak eta mobilizazioak egin zituzten iaz, behargin batzuen kaleratzeak eta konpainiaren “tratu txarra” salatzeko.