Tubacex enpresak atzo jakinarazi zuen 70 milioi euroko kontratua eskuratu duela. Aker Solutions Norvegiako transnazionalak erosiko dizkio 1.000 kilometroko luzera izango dituzten hodiak eta Iparraldeko Itsasoan baliatuko dituzte erregaiak ateratzeko.
Tubacexek zenbait hedabidetan azaldu duenez, kontratuak lan zama ekarriko du Austria eta Aiaraldeko lantegietara 2023an eta 2024an eta, antza, Laudioko ingeniariak norvegiarrekin egon izan dira elkarlanean proiektua prestatzen.
Gogoratu beharra dago Tubacex enpresan zortzi hilabeteko greba egon zela 2021ean, konpainiak 100 langile baino gehiago kaleratu nahi zituelako. Galera estrukturalak argudiatu zituen multinazionalak horretarako, baina COVID-19 birusaren pandemia amaituta, bere mozkinak biderkatu dira.