17:30ean elkartu dira Laudioko Herriko plazan hamarnaka herritar, SOS Areta Eskola plataformaren deialdiari jarraiki. Aretako Pinpili aisialdi taldeak eta Kirikiñok umeen gunea kokatu dute, ahalik eta jende gehien udalbatzara gerturatzeko helburuarekin. Izan ere, mozioa aurkeztu du SOS Areta Eskolako kide batek alderdi politikoei 2 urteko gela ez ixtea eskatzeko eta orain arteko kudeaketa salatzeko. Hain zuzen, bi kidek hartu dute hitza: Fabian Legorburu ikastetxeko (Aretako eskola) zuzendariak eta Guraso Elkarteko lehendakariak.
Aretako Esoklako zuzendariak eta Guraso Elkarteko lehendakariak aurkeztu dute mozioa, eta talde politiko guztiek bozkatu dute alde
Hezkuntza Sailak 2 urteko gelaren itxiera jakinarazi zienetik gaur arteko kronologia egin du zuzendariak, eta Guraso Elkarteak beste horrenbeste. Funtsean, Aretako eskola eta komunitatea babesteko eskatu diete udal hautetsiei, eta bileren bidez itxiera ekiditeko.
Alderdien hitzartzeak
Loli Muriel PSE-EEko zinegotziak sozialisten babesa helarazi die, "lanean" ari direla nabarmenduta.
Alvaro Barrios Omniako zinegotziak, berriz, itxieraren ondorioak izan ditu hizpide: "Arazoa ez da 2 urteko gela, beste adin bateko seme-alaba duenak ere mugitu beharko du beste ikastetxe batera umea... Hezkuntza Sailak ez daki norekin sartu den: Areta herriak sekulako identitatea du, ez eskolak bakarrik. Aretarekin ez da jolasten".
Lamia Arcas EH Bilduko zinegotzi aretarrak bizilagunak zoriondu ditu: "Argi geratu da Aretak koodinatzeko, maitatzeko eta kudeatzeko duen gaitasuna". Era berean, teknikoki eta lege aldetik dauden aukerak mahaigaineratu ditu, eta gobernu taldearen kudeaketa salatu du: "Laudioko alkatearen esku nola kudeatu den argi utzi du Guraso Elkarteak".
Azkenik, Ander Añibarro EAJko alkateak hartu du hitza, eta Hezkuntza Sailarekin harremanetan daudela ziurtatu du: "Ezinbestekoa da gela hau Aretaren etorkizunerako. Irekita egon behar da, eta lortuko dugu. Beharrezkoa da, eta ondoan izango gaituzue".
Gobernu taldearen utzikeriaz ere mintzatu da Guraso Elkartea bigarren hitzarze-biran: "Guraso kaltetuek ez dute deirik jaso, eta bilera (agenda kontuengatik) 8 egun beranduago eman diguzue. Mobilizazioan faltan bota genuen alkatea ere". Ander Añibarrok azaldu du ezin izan zuela bertaratu ordu berean udal ekitaldi bat zegoelako, ETAko biktimen omenaldia, baina erantsi du Hezkuntza sailburuordearekin bideo deia egin zuela segidan. Bozketen unean ez da kontrako botorik egon eta, horrenbestez, aho batez onartu da Aretako Eskola komunitateak erregistratutako mozioa.