Lokal bat irekiko dute Laudioko Kulturzaleak elkarteko kideek Laudioko Elizalde kalean, Kulturlab 03 ekimena gauzatzeko. Zehazki, Garaio burdindegia zegoen 50 metro karratuko lokala hartuko dute, “sorkuntzarako eta topaketarako” espazio bilakatzeko eta “Laudion eta Laudiotik gogoeta egiteko, ikasteko, azaltzeko eta pertsona eta ideia sortzaileak elkartzeko”. Azaldu dutenez, “sorkuntza garaikidea” sustatuko dute bertan, “Lamuza parkean Kultura Sortzaileen Parkea gauzatze bidean”.
Ostiral honetan egingo dute espazioaren “irekiera sinbolikoa”, 19:00etan, Dolumin Barikuko jaia probestuta. Oroitu dutenez, Dolumin Barikuko data garrantzitsua da Lamuza Parkea berreskuratzearen alde sortutako mugimenduarentzat, egun horretan egin baitzen mugimendu horren “mobilizazio garrantzitsuenetako bat”.
Kulturlabeko kideen iritziz, “ezinbestekoa” bilakatu da “espazio egonkor bat izatea”, proiektuaren “gutxieneko funtzionamendua eta kalitatea” bermatzeko. “Une honetan ibilbide hori ahalbidetzen duten udal lokalak lortzea ezinezkoa denez, aldi baterako lokal bat alokatzea erabaki dugu”, azaldu dute, eta aurreikusi dute bertan egongo direla Kultur Etxeko obrak amaitu arte.
Bi orduz mantenduko dute lokala irekita ostiralean, 19:00etatik 21:00etara, eta Inside Out nazioarteko ekimen artistikorako eginiko erretratuak jarriko dituzte ikusgai. Ondoren, obretan murgilduko dira, espazioa atontzeko.
Obrak
Bi orduz mantenduko dute lokala irekita ostiralean, 19:00etatik 21:00etara, eta Inside Out nazioarteko ekimen artistikorako eginiko erretratuak jarriko dituzte ikusgai. Ondoren, obretan murgilduko dira, espazioa atontzeko, baina ez dute asko eraldatuko: “helburua espazioan ahalik eta gutxien esku hartzea da, Laudion oraindik bizirik dirauten lokal historiko bakanetako baten funtsari eusteko. Gainera, espazio ireki eta gardena izatea nahi dugu, landu beharreko jardueren arabera taxutu ahal izango dena”.
Horrez gain, erretratuak etxera eramateko aukera emango diete Inside Out ekimenean parte hartu zuten laudioarrei. “Aste batzuen buruan, eta obrei ekin aurretik, lokala berriro irekiko dugu, 3 arratsaldez, nahi duten guztiek beren erretratua kartoi mehez jasotzeko aukera izan dezaten, DIN A4 tamainan, eta etxera eraman, proiektuan parte hartzeagatik eskerrak emateko. Argazkiak zein egun eta ordutan jaso ahal izango diren jakinaraziko dugu aurrerago”.
Behin lokala atonduta ekingo diote bertan jarduera kulturala sustatzeari, Lamuza parkean 2021ean jarritako itsas-edukiontzietan garatutako dinamikari jarraiki. “Helburu horrekin, jardunaldiak, bilerak, erakusketak, bidaiak eta ekitaldiak antolatuko ditugu, baita mahai baten inguruko topaketak ere, 2021ean sortutako olanan gauzatzen hasi zen proiektua gehiago definitzeko”.
Kulturzaleak elkarteko kideek nabarmendu dute herriko talde kultural eta sozialekin elkarlanean garatuko dutela proiektua, eta espazioa irekita egongo dela helburuekin bat egiten duten norbanako eta kolektibo guztientzat. “Espero dugu espazio egonkor eta iraunkor bat izateak aukera emango duela Laudioko sorkuntza garaikidearekin lotutako loturak eta proiektuak indartzeko eta Lamuzako Sormen Kulturen Parkearen amets horretan urrats berri bat emateko”.