Ilargi tabernak irekita jarraitu ahalko duela ebatzi du Espainiako Auzitegi Gorenak

Txabi Alvarado Bañares 2023ko mar. 30a, 11:05

1977tik darama Pili Carrilo Marquezek Ilargi taberna kudeatzen. / Aiaraldea.eus

Auzitegiak baliorik gabe utzi du Gasteizko Auzitegi Probintzialaren epaia, eta ebatzi du tabernaren egungo kudetzaileak (Pili Carrillo Markezek) jubilatu arte jarraitu ahalko duela bertan, lokalaren jabeek bota nahi duten arren. 

Pili Carrillo Markez tabernariak jubilatu arte jarraitu ahalko du Laudioko Batzalarrin kaleko Ilargi taberna kudeatzen. Hala ebatzi du Espainiako Auzitegi Gorenak aste honetan plazaratutako epaian. 

Modu horretan, amaitu egin da taberna horren bueltan abiatutako prozesu judizial luzea. Carrillok berak oroitu duenez, duela hamar urte inguru iritsi zitzaion lehen kaleratze gutuna, lokalaren jabeen eskutik. Tabernariak uko egin zion joateari, eta orduan hasi ziren epaiketak. Amurrioko epaitegiak arrazoia eman zion Carrillo Markezi, baina jabeek helegitea jarri zuten Gasteizko Probintzia Auzitegian, eta honek arrazoia eman zien eurei. Modu horretan amaitu du gatazkak Espainiko Auzitegi Gorenean.

Auzitegi gorenaren aburuz, Arabako Epaitegi Probintzialak eginiko interpretazioa "jurisprudentzia-doktrinaren aurkakoa" da eta Amurrioko epaitegiak bere unean emandako epaia da zuzena. Horrez gain, prozesu judizialaren gastuak ordaintzera derrigortuko dituzte lokalaren jabeak. Tabernariak, aldiz, ez du helegitearen gasturik hartu beharko bere gain. 

Carrillo pozik azaldu da, eta nabarmendu du epaiak balioko duela antzeko egoera bizi duten taberna batzuen egoera argitzeko. Errenten gorakadak eta alokairu-kontratu zahar eta berrien arteko tira-birak daude gatazkaren muinean. Boyer Legean dago auziaren funtsa. Miguel Boyer ministroak garatu zuen lege hori, 1985. urtean. Ordura arte, alokairuen kontratuek ez zuten iraunaldi finkorik. Ilargiko alokairu kontratua 1981. urtekoa da, eta horregatik ebatzi du Auzitegi Gorenak Carrillok jubilatu arte egon ahalko duela bertan, funtsean. 

Kasu gehiago herrian

Gogoratu beharra dago Laudion bertan egon direla antzeko egoeran zeuden beste  establezimendu batzuk, ez direnak Auzitegi Goreneraino iritsi eta itxita amaitu dutenak, La Viña edota Blanco, kasu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide