Hurrengo astean, apirilaren 21ean, estreinatuko dute 20.000 especies de abejas pelikula zinema aretoetan. Bien bitartean, Estibaliz Urresola zuzendari laudioarraren film luzeak bere palmaresa handitzen dihardu.
Hain zuzen, Hong Kong International Film Festivaleko epaimahaiak ohiko arauak aldatu eta emakume antzezle bakarraren lana aitortu ordez, pelikulako aktore guztiak saritu ditu.
Izan ere, Urresolaren lanak hiru belaunaldi ezberdinetako emakumezkoen ardurak eta bizipenak erakusten ditu eta Young Cinema Competition ataleko epaiek guztiak aitortu dituzte.
Gogoratu beharra dago Berlinale Zinemaldian Zilarrezko Hartza irabazi zuela Sofia Otero gazteak eta Malagan, aldiz, Patricia Lopez Arnaiz izan zela goraipatua. Horrez gain, Andaluziako jaialdi ospetsuan Film Onenaren saria eraman zuen 20.000 especies de abejas-ek.