Ia 100 milioi euro inbertitu ditu Vidralak Portugalgo Marinha Grande udalerrian duen Gallo Vidrio lantegian. Beira labe bat atondu du multinazionalak bertan, "penintsulako handiena".
Azpiegitura berri horren bidez, lantegiaren ekoizpen gaitasuna %50 handitzea aurreikusi du enpresak, eta CO2 emisioak nabarmen jaistea.
Prentsa-oharrean nabarmendu dutenez, "teknologia berriena" du labeak, eta digitalizazio eta automatizazio gradu handia ere du. "Ekoizpen-lerro berriek makina malguak dituzte, eta tamaina eta forma desberdinetako ontziak egin ditzakete", azaldu dute Vidralako arduradunek.
Euren iritziz, "azken belaunaldiko ekoizpen eta ikuskapen teknologia horrek guztiak" ahalbidetuko du produktuek "kalitate handia" izatea eta bezeroei "zerbitzu hobea" eman ahal izatea.
Vidralak azaldu du labearen eraikuntza enpresaren Portugalgo garapen industrialeko plan estrategikoaren barruan kokatzen dela, hainbat urtez luzatuko dena. Marinha Grandeko bi lantegiak modernizatzea aurreikusten du plan horrek, beste hainbat jarduerarekin batera: biltegi berriak eraikitzea, ibilgailu gehiago eskuratzea eta energia elektriko berriztagarria sortzeko azpiegitura propioak atontzea.
Modernizazio hori Laudioko lantegian ere egin nahi du Vidralak, baina ez langileen mesedetan. Enpresak aurreikusi du 90 behargin gutxiago beharko dituela 2025erako, azpiegituren berritzearen ondorioz.