ARGAZKI KRONIKA

Alemaniatik Aiaraldera, Tubacexeko greba eta eskualdeko beste borrokak ezagutzeko

Txabi Alvarado Bañares 2023ko mai. 2a, 06:30

Alemaniako Ver.di sindikatuko eta Hannoverko memoria historikoko taldeko hainbat kidek bisitatu zuten Aiaraldea iragan ostegunean, Baskale elkarteak antolatutako bidaiaren barruan. 

Astebete igaro dute Alemaniako 20 herritarrek Euskal Herrian, Baskale elkarteak antolatutako bidaia batean. Bisitaren xede nagusia izan da memoria historikoaren inguruko ezagutzan sakontzea, taldeko kide batzuk Hannover hiriko historia talde bateko kideak direlako. Talde horrek urteak daramatza Gernikara bisitak antolatzen. Izan ere, Hannovertik gertu dagoen aeroportu batetik abiatu zen Kondor Legioa, Guda Zibilean herri bizkaitarra bonbardatu zuen hegazkin unitatea. 

Horregatik, memoria historikoari lotutako jarduerak izan dira bidaiaren ardatz nagusia. Horretarako, Gasteizko Martxoaren 3ko memorialetik, Gernikatik edota Kantabriako makien monumentuetatik igaro dira, besteak beste.

Eta Aiaraldera ere gerturatu dira, baina oso bestelako xede batekin: Tubacexeko greba mugagabearen nondik norakoak ezagutzea. Izan ere, bisitarietako batzuk Ver.di sindikatuko kideak dira. Alemaniako bigarren sindikatu handiena da Ver.di, eta zerbitzuen esparruan dihardu. Aiaraldea Komunikabideari azaldu diotenez, Alemaniako ezkerreko prentsan oihartzun nabarmena izan zuen Tubacexeko greba mugagabeak eta horren altzoan sortutako mugimendu guztiak. 

Horren inguruan gehiago jakiteko asmoz bertaratu ziren iragan ostegunean eskualdera. Laudioko Tubacexeko lantegiaren aurrean egin zuten hitzordua bertako zenbait langilerekin. 236 eguneko lanuztearen nondik norakoak azaldu zizkieten bertan, gazteleraz eta euskaraz, Baskale elkarteko kideek itzultzaile lanak egiten zituzten bitartean. 

Ondoren, Kultur Etxera joan ziren denak. Solasaldi informala egin zuten bertan, Aiaraldean azken urteetan egondako borrokak laburbiltzeko. Aiaraldeko Greba Batzordeko kideek, pentsiodunek eta Madres Mercedariaseko langileek hartu zuten hitza bertan, eta ordubetean laburbildu zituzten azken bizpahiru urtetan bizitakoak, 2020ko greba orokorretik, Madres Mercedariasek duela astebete eginiko itxialdira.

Ondoren, Alemaniako kideekin galderak eta inpresioak partekatu zituzten, eskualdean sortutako mugimenduaren jatorri, bilakaera eta gakoak ardatz hartuta. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide