‘Hi eta ni adiskide beti’ eleberriarekin lortutako etekinak Altsasuko auzian inplikatutako gazteen alde eman ditu Kepa Barañanok

Jone Gartzia Gerra 2023ko mai. 3a, 13:30

Bel Pozuetak mezua helarazi dio Kepa Barañanori oparia jaso dutela eta “oso eskertuta” daudela adierazteko. / EH Bildu

2019an argitaratu zuen Kepa Barañano idazle, itzultzaile eta eskultore laudioarrak Hi eta ni adiskide beti eleberria, Euskal Herriko historiaren kontakizunean alea jarri eta euskarari "prestigioa" eman asmoz. Orduan iragarri zuen idazleak etekinak Altsasuko kasuan epaitutako gazteei emango zizkiela eta hauek memoriaren inguruko proiektu batera bideratuko dute dirua.

Bel Pozueta Nafarroako EH Bilduko diputatu eta Altsasuko kasuan atxilotutako Adur Ramirez de Aldaren amak mezua helarazi dio Kepa Barañanori oparia jaso dutela eta “oso eskertuta” daudela adierazteko.

Pozuetak jakinarazi dio duela hilabete batzuk memoriaren inguruko proiektu bat abiatu zutela. Enpresa baten laguntzarekin, Altsasuko auziaren inguruan sortutako informazio eta material guztia sailkatzen ari dira, webgune batean bildu eta etorkizunean ondo jakin dadin “Altsasuko gazteekin zer gertatu zen, Altsasuko auziak Euskal Herriko historian zer suposatu zuen”. Hain zuzen, Barañanoren ekarpena proiektu horretara bideratuko dutela adierazi du Pozuetak.

Etekinak Altsasuko auziaren memoriaren inguruko proiektu batera bideratuko dituzte.

Kepa Barañanok 2019an eman zuen argitara Hi eta ni adiskide beti eleberria. Berak editatu eta publikatu zuen eta ezagun eta lagunen bitartez agin zuen zabalpena. Laster sarean zabalduko duela adierazi du, “nahi duenak irakur dezan”.

Benetan jazotako hainbat gertaera oinarri hartuta, Laudion girotu zuen fikziozko nobela. Helburu bikoitza zuela adierazi zuen orduan. Batetik, "Euskal Herriko historiaren kontakizunaren borroka irabaztea"; eta, bestetik, "euskarari prestigioa ematea".

Horrez gain, etekin guztiak Altsasuko auziaren alde emango zituela adierazi zuen. Horretarako, Bel Pozueta Nafarroako EH Bilduren diputatuarekin jarri zen harremanetan Madrilen EH Bilduren laguntzaile teknikoa den Iñigo Martinez laudioarraren bitartez.

Idazle, itzultzaile eta eskultore

Kepa Barañano laudioarra idazle, itzultzaile eta eskultore sutsua da. 2013an On Kixote Mantxako sareratu zuen Eneko Iñarrondoko ezizenarekin, Miguel de Cervantesen Don Quijote de la Mancha eleberriaren euskarazko bigarren itzulpen osoa. Euskarazko ortografia zaharrean itzuli zuen, eta sarean dago edonoren eskuragarri Zuzeu atarian.

Aiaraldea Komunikabidean maiz argitaratzen ditu iritzi artikuluak eta Faktoriaren lehenengo urteurrenerako harrizko eskultura bat egin zuen, besteak beste.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide