Kirola hizpide Orbeko Etxean, hainbat ertz eta begiradetatik

Erredakzioa 2023ko mai. 31a, 11:21

Deporte desde los márgenes (kirola bazterretatik) izeneko jardunaldiak egin zituzten larunbatean Orbeko Etxean. Aiaraldeko zein eskualdetik kanpoko hainbat lagunek parte hartu zuten goizez eta arratsaldez eginiko topaketa, proiekzio eta hitzaldietan. 

Kirolaren gaiari heldu zioten Orbeko Etxean larunbatean, baina ezohiko begirada batetik. "Ertzetako bizipenak" izan zituzten hizpide, jendarteko hainbat zapalkuntza kirolean nola hezurmamitzen diren jorratzeko. 

Goizeko hamaiketan hasi zen egitaraua, "emakume eta identitate disidenteei" bideratutako topaketa ez-mistoarekin. Gardeako baserri okupatuko ganbaran dagoen rokodromoa ireki zuten lehenbizi. Handik gutxira egin zuten lehen dinamika, Ainhoa Garciak gidatuta, etxearen kanpoko lorategian. "Gorputz eta bizipen disidenteak" izan zituzten hizpide, eskaladaren esparruan zentratuta. Ondoren, Light dokumentala proiektatu zuten, eta bazkaria egin zuten jarraian. 

Arratsaldean, aldiz, Itxi Guerrak hartu zuen hitza. Lucha contra el capacitismo, anarquismo y capacitismo liburuaren egileak kapazitismoaren sarrera orokor bat egin zuen lehenbizi, eta zapalkuntza hori kirolean nola islatzen den jorratu zuen jarraian, bere bizipen pertsonaletatik abiatuta.

Gehiago Edicions zigiluak antolatu zuen larunbateko topaketa, Orbeko Etxeko kideekin elkarlanean. Maria Francisca Mas Rierak sortu zuen argitaletxe hori, bere lagun batekin. Escalantes liburua plazaratu zuen Masek 2021ean, eskaladaren munduan begirada feministatik lantzeko, eta 2022ko maiatzean aurkeztu zuen lan hori Orbeko Etxean, larunbat honetakoaren antzeko beste jardunaldi batean.

Argazkiak: Orbeko Etxea

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide