Gaur betetzen dira sei hilabete 85 urteko emakume bat hil zenetik Santa Kurutzeko tren geltokian. Tren batek harrapatu zuela eta Renfek gezurrak zabaldu zituela salatzeko, senideek pankarta jarri dute gaur azpiegituraren alboan dagoen zubian.
Renfek horren berri izan bezain pronto, Ertzaintza deitu du, baina poliziek ez dute iraingarritzat jo pankartaren edukia. Hortaz, ez diote erretiratzeko agindurik eman senideetako bati -han egon dena-.
Ordea, konpainiak segurtasun pribatuko langileak bidali ditu gero pankarta kentzeko. Han jarraitu duen senideak ez die utzi, zubia publikoa dela argudiatuta.
Ikusita pankartak lekuan jarraitzen zuela, Renfe harremanetan jarri da berriro poliziarekin eta kasu honetan argudiatu du segurtasun arazoak sor ditzakeela, trenbideko kateen gainean erorita.
Hori dela medio, ertzainek agindu diote hildakoaren senideari pankarta beste toki batean jartzeko, arriskurik gabeko kokapen batean, hain zuzen.
Azkenean, senideak handik gertu dagoen beste puntu batean jarri du.
Gezurrak
2022ko abenduaren 13an, harrapaketa gertatu zen egunean, Renfek adierazi zion Laudioko Udalari hildako emakumea taka-taka batekin ari zela zeharkatzen igarobidea eta orduan jazo zela istripua.
Emakumezkoaren senideek, ordea, ukatu dute emakumeak taka-taka erabiltzea, erabat autonomoa baitzen. Berez, euren ustez, datu faltsu hori ematea bada saiakera istripuaren ardura familiaren gainean uzteko.
Ezbeharrari buruzko datu berri bat aipatu diote senideek Aiaraldea Komunikabideari gaur bertan: trenak galga probak egiten zituen bitartean jazo zela istripua eta 93 kilometro orduko abiadura zuela Gardeatik igarotzean.