Bere lehen liburua aurkezten igaro du asteburua Iñigo Martinezek. Dantzari eta aktore laudioarrak Una quimera de vida eleberria plazaratu berri du, eta bi aldiz aurkeztu du dagoeneko Laudion. Ostiral arratsaldean Kulturlabek berriki irekitako lokalean egon zen Martinez, dozenaka bizilagunen artean. Biharamunean, aldiz, Orbeko Etxean egin zuen aurkezpena, etxe okupatuaren 22. urteurreneko egitarauaren barruan.
Martinezek azaldu duenez, fikziozko istorio bat kontatzen du liburuak, baina bere bizipen pertsonaletan oinarrituta dago, 'kristalezko hezurren gaixotasuna' duen gazte bat baita protagonista. Sortzaile laudioarrak aurreratu du beste hainbat aurkezpen egin nahi dituela aurten. Izan ere, bere kabuz ekoitzi du liburua eta, ondorioz, aurkezpenetan zuzenean saltzen ditu aleak. Hala ere, Zuhaitza liburu-dendan ere badago salgai.
Argazkiak: Miguel Brizuela eta Orbeko Etxea