Urrezko Dominarekin itzuli dira Iker Colmenero eta Ion Egia Espainiako Kadeteen Txapelketatik. Aiara Txirrindularitza Elkarteko kideak Euskal Selekzioarekin joan dira Murtziara lehiatzera, eta talde moduan nagusitu dira bertan.
“Oso lorpen garrantzitsua” izan da hori, Valentin Camporen hitzetan. Aiara Txirrindulari Elkarteko kideak nabarmendu du Euskal Selekzioak hautatutako bost kirolaritik bi izan direla klubekoak, “eta Espainiako Txapeldun izatea lortu dute gainera”.
Bere ustez, sekretu bakarra dago erdietsitako emaitzaren atzean: azken urteetan oinarrizko txirrindularitzan eginiko lana. Hala ere, Campok gogorarazi du aurtengo denboraldia “ederra” izan dela klubarentzat, eta Aiarako Biran lortutako emaitzak goraipatu ditu batez ere: “Lau etapa irabazi genituen bertan taldekako kategorian, eta Iker Colmenerok 2 etapa irabazi zituen eta lehena geratu zen sailkapen orokorrean”.
Ion Egiari dagokionez, Campok gogoratu du Euskadiko Txapelduna izan dela bi aldiz (lineako lasterketan eta erlojupekoan, urtebeteko kadeteen kategorian), eta gaineratu du Ekhi Uriartek, bere aldetik, beste 3 lasterketa irabazi dituela. Orotara, 12 txapela irabazi dituzte Aiarako txirrindulariek denboraldi honetan, eta beste 11 talde moduan.
Oporrik ez
Azken garaipen honekin, hasiera hobezina eman dio Aiara Txirrindularitza Elkarteak udari, baina ez du oporrik hartuko. Kirolariek astebururo izango dituzte probak, eta badute jada hurrengo mugarria zehaztuta: irailean egingo den Arabako Itzulia.