Istripua gertatu da gaur arratsaldean Ugarteko futbito zelaiaren alboan dagoen parkean, 20:00ak aldera. Bertako tirolina apurtu egin da eta bi haur zauritu dira. Hala ere, ez dute zauri larririk, lekukoek Aiaraldea Komunikabideari adierazi diotenez. Larrialdi zerbitzuak bertaratu dira gazteak artatzera eta Udaltzaingoak, bere aldetik, azpiegitura itxi du.
Ugarteko tirolina 2019. urtean inauguratu zen eta 25 metroko luzera du guztira. Ugarteko plaza birmoldatu zenean atondu zen jolasgunea.
Horrez gain, mota horretako beste azpiegitura bat dago Gastronomia Museoaren alboan eta Lamuza parkean ere bat inauguratu berri dute, bertako haurren espazioaren birmoldaketaren barruan.