Goitik dator Autoglas-Glavistaren aurkako blokeoa. Hala uste dute, behintzat, langileen ordezkariek. ELAko sail sindikalaren aburuz, Guardianeko Estatu Batuetako zuzendaritzatik etorri da Autoglas-Glavistaren balizko erosleari fabrikaren lursailak ez saltzeko agindua. Zehazki, Ron Vaupelengan (Guardianen mundu mailako buruan) jarri du sindikatuak gertatzen ari denaren gaineko ardura. "Pertsonaia horrek erabaki du aterabiderik ez ematea Glavistaren proiektu berriari", salatu dute langileen ordezkariek sare sozialen bidez, "horren ondorioz, kaleratuak izateko atzera kontuan gaude".
Nor da Ron Vaupel?
Hiru urte daramatza Ron Vaupelek Guardianen mundu mailako presidente eta CEO moduan. Kevin Bairden lekukoa hartu zuen 2020ko uztailean. Aurretik, baina, hainbat urtez aritu zen Guardian Industriesen buru moduan, 2012tik, hain zuzen.
Bideo honetan agertzen da hitz egiten, 2016an Michiganeko Unibertsitatetik:
Mobilizazioekin aurrera
ELAko sail sindikalak gogorarazi du Autoglas-Glavista Guardianen parte zela duela hiru urte, harik eta multinazionalak enpresaren zati hori "funts putre bati" saltzea erabaki zuen arte. Horren ostean, hartzekodunen aurrelehiaketan sartu zen enpresa urte honen hasieran. Ekainean, aldiz, balizko erosle bat agertu zen, Autoglas-Glavista bere gain hartzeko prest zegoena. Baina, lantegiko lurrek Guardianenak izaten jarraitzen dute, eta multinazionalak uko egin dio horiek saltzeari, erosketa arriskuan jarriz.
Hala azaldu zuten langileen ordezkariek hilabete honen hasieran, eta mobilizatzeari ekin zioten berriro. Bide horretan, data garrantzitsua izan zen iragan ostegunekoa. Egun horretan 24 orduko greba egin zuten Guardianeko langileek, eta ehunka lagun bildu ziren Laudion arratsaldean eginiko mobilizazioan:
Atzo, aldiz, Herriko plazan egin zuten elkarretaratzea Autoglas-Glavistako langileek, merkatu eguna zela probestuta. "Azken egunera arte borrokan jarraituko dugu enpresaren eta lanpostuen jarraipena ziurtatzeko", ohartarazi dute ordezkari sindikalek.