Dozenaka lagun bildu dira Laudioko Mugimendu Feministak eta Ugarteko Jai Batzordeak Herriko plazan eginiko elkarretaratzean. Larunbat gauean Ugarteko jaietan jazotako eraso matxistak salatzea izan da mobilizazioaren xedea. Bi eragileek “babesa” helarazi nahi izan diete erasoak pairatu dituzten emakumeei eta gaineratu dute ez dela “erantzunik gabeko erasorik” egongo.
Elkarretaratzearen deitzaileen hitzetan, larunbatean gertatutakoak ez dira kasu isolatuak, “pribilegio patriarkalen katebegi bat gehiago” baizik. "Indarkeria matxista begiradekin, keinuekin eta kolpeekin pairatzen dugu, baita hilketekin ere. Eta gerra hori jai-eremuetan ere deklaratzen zaigu, gure gozamenerako lekuak lapurtu eta okupatzen, baita zalantzan jarriz eta bortxatuz ere”.
“Autodefentsa feminista” da, euren hitzetan, “gorputz eta bizitzak zaintzeko bidea”; eta “behar den guztietan” baliatuko dutela aldarrikatu dute. “Berriro diogu, guk argi dugu, gozatzera etorri gara eta erasoen aurrean ez gara geldirik geratuko. Hemendik aurrera ere, espazio seguru eta gozagarriak sortzen eta neurriz kanpoko jarrera oro salatzen jarraituko dugu”.