Hainbat eraso matxista jazo ziren Ugarten larunbat gauean, auzo horretako jaien testuinguruan. Hala salatu dute Laudioko Mugimendu Feministak eta Ugarteko Jai Batzordeak, eta horren aurka mobilizatzeko deia luzatu dute bi eragileek. Horretarako, elkarretaratzea egingo dute ostegunean Laudioko Herriko plazan, 19:00etan.
Ertzaintzak, bere aldetik, Aiaraldea Komunikabideari jakinarazi dio Ugarten larunbat gauean jazotako "sexu askatasunaren aurkako ustezko delitu bat" ikertzen ari direla, baina momentuz ez dute gaiari buruzko informazio gehiagorik eman.
Honakoa ez da izan udako jaien testuinguruan eskualdean salatzen den mota honetako lehen gertakaria. Duela astebete eraso matxista eta arrazista bat salatu zen Luiaondoko jaietan. Kasu horretan, Otsemeak Neska* Gazte Taldeak jazo zuen gertatutakoaren berri, horretarako abian jarritako salaketa tresnaren bidez.
👿ERASORIK EZ, ERANTZUNIK GABE!
— Laudioko Mugimendu Feminista (@laudiokomf) August 1, 2023
👊Aurrean izango gaituzue!
📅ABUZTUAK 3
📍Laudioko Herriko Plazan
🕗19.00 pic.twitter.com/BJEUb9B1rS