Kulturen arteko elkarbizitzaren gorazarrea egin dute aurtengo Laudioko Jaietako pregoian Galiziako, Gaztela eta Leongo, Extremadurako eta Andaluziako kultura zentroen ordezkariek.
Hiru hizkuntzatan irakurritako testuaren bidez (galiziarrez, euskaraz eta gazteleraz), gogoratu dute nola duela 70 urte heltzen hasi ziren herrira Espainiako Estatuko txoko anitzetako lagunak eta nola batu ziren euren zentroak irekitzeko, "euskaldunek kanpora jo dutenean Euskal Etxeetan egin duten moduan".
Ironiaz, azaldu dute gogorra izan zela etxetik kanpo bizitza berria egitea, ohitura ezberdinekin eta "hizkuntza ulertezinarekin".
Hala ere, elkarren arteko harremanei esker, guztiek lortu zuten euskal gizartean integratzea eta aberastea zentzu anitzetan. Are gehiago, batzuek gehiago eta besteek gutxiago, euskara ere ulertzeari ekin zioten.
Kultura nahasketa horren isla izan dira oholtzan entzun diren doinu anitzak: Arloteak, 'Txoriak txori' kanta musika tresna galiziarrekin edo Andaluziako dantzak.
Autoglas-Glavista presente
Aurtengo pregoilariek gogoratu dute eskualdera jendea etorri zela lan egitera eta tokiko garapen industrialaren ezinbesteko oinarria izan zirela. Horregatik, hain zuzen, elkartasun hitzak izan dituzte Autoglas-Glavista enpresako langileentzat eta kolokan dauden Aiaraldeko fabrika ororentzat.
Amaitzeko, Laudioko jai giroa aipatu eta gero, ospakizun integratzaile eta eraso matxistarik gabekoak aldarrikatu dute.