Mojinos Escozios taldearen kontzertua eztabaidagaia izan zen atzoko Laudioko Udal Osoko Bilkuran

Aitor Aspuru Saez 2023ko abu. 29a, 12:00

Mojinos Escozios taldea, artxibo irudi batean.

Ander Añibarro EAJko bozeramaileak iragarri zuen dagokion batzordean eskatuko dituztela azalpenak eta Sonia Respaldiza Jai eta Kultura zinegotziak bere iruzkinak erantzun zituen.

Laudioko Jaiak amaitu berri ekin zioten atzo Udal Osoko Bilkura egiteari eta ospakizunen ajea eztabaida politikora heldu zen. Izan ere, Ander Añibarro EAJko bozeramaileak aurreratu zuen azalpenak eskatuko dituztela dagokion batzordean Mojinos Escozios taldearen kontzertuari buruz.

Jeltzaleak aipatu zuen musika emanaldia bertan behera uzteak kexak eragin dituela herritarren, ostalarien eta kuadrillen artean. "Udal gobernuan zaudenean badakit erabakiak hartu behar direla" adierazi zuen Añibarrok, eta iradoki zuen udal gobernu taldea kuadrillen atzean ezkutatu dela egindakoa justifikatzeko.

Gaur arratsaldean zabaldutako oharrean, EAJk positiboki baloratu ditu aurtengo jaiak eta gogor kritikatu du musika emanaldia bertan behera geratu izana. "EAJ-PNVren Udal Taldetik ez dugu ulertzen eta ez gatoz bat Mojinos Escozios taldearen kontzertua bertan behera uzteko Gobernu Taldeak (EH-BILDU eta OMNIA) hartutako erabakiarekin. Nahiz eta ulertzen dugun beraiek gobernatzen dutela eta nahi dutena erabaki dezaketela, kontzertu bat bertan behera uztea, horrek ekitaldi-eskaintza txikiagoaren ikuspegitik eta alde bakarretik ezerezteak Udalari ekar diezazkiokeen ondorio ekonomikoez gain, kalte handia da tokiko ostalaritzarentzat, eta iruditzen zaigu gaur egungo tokiko gobernuak sentsibilitate falta nabarmenarekin jokatu duela zentzu horretan, baloiak kanpora bota nahi izan baititu, koadrilek kontzertua bertan behera uzteko erabakia hartu zutela ikusaraziz", deitoratu dute, "badirudi gobernu-talde honek ahaztu egiten duela jaiak herri osoarentzat dibertitzeko unea direla, baina tokiko ekonomiarentzat ere une erabakigarriak direla, eta erabakiak hausnartuta eta jaietan parte hartzen duten eragile guztiekin modu serio eta ordenatuan hartu behar direla".

"Kontzertua bertan behera uztea gure erabakia izan zen"

Aipatu beharra dago atzoko eztabaida modu onean eman zela eta ordezkari jeltzaleari era berean erantzun ziola Sonia Respaldiza Jai eta Kultura zinegotziak.

EH Bilduko kideak azaldu zuen Mojinos Escozios taldeak 17:40ean jakinarazi ziola Udalari bere abeslariak hegazkina galdu zuela Lufthansa konpainiaren erruz.

"Kontzertua 01:00ak arte ez zen hasiko eta ez genuen bermerik publikoa egongo zenik, ez zitzaigun iruditzen zentzuzkoa 25.000 euro ordaintzea egoera horretan"

Orduan erabakia hartzea egokitu zitzaien EH Bildu eta Omniari eta hautua ikuskizuna bertan behera uztea izan zen: "Gure erabakia izan zen eta ez beste inorena. Udal teknikariekin hitz eginda hartu genuen eta jai kuadrillekin ere partekatu genuen, baina erabakia gurea izan zen".

Bide hori hartu izana argudiatzeko, Respaldizak honakoa aipatu zuen: "Berakatz Eguna zen, egun luzea, eta kontzertua 01:00etan hasiko zenez, gehiegi luzatuko zen. Izan ere, Sevilla abeslaria 23:25ean helduko zen aireportura, baina 01:00ak arte ez zen emanaldia hasiko eta hurrengo eguna laneguna zen. Horrez gain, aurrera eginez gero, Bilboko Jaiak ere eskura zeuden eta batzuek hara joateko aukera zuten, itxaron egin ordez". 

"Profesionaltasun falta izan da. Gatibu edo Rosario Floresekin ez da egon arazorik, adostutakoa bete dutelako. Badirudi gure errua dela, baina eurek sinatu zuten 23:00etan hastea kontzertua"

"Hori guztia aintzat hartuta, ez zitzaigun iruditzen zentzuzkoa 25.000 euro -BEZ barne- ordaintzea, ez baikenuen bermea publikoa egongo zenik", esan zuen zinegotziak.

Profesionaltasun falta leporatu zion zinegotziak Sevillari

Goiko arrazoiak ez ezik, beste batzuk ere baliatu zituen zinegotziak, haserre puntu batekin: "Gainera, iruditu zitzaigun errespetu falta zela laudioarrekiko berandu hastea kontzertua. Profesionaltasun falta da. Eurek sinatu zuten 23:00etan hastea kontzertua eta ez zuten bete. Badirudi gure errua dela, baina abeslariak ez zuen bete adostutakoa. Gatibu edo Rosario Floresekin ez zen inolako arazorik egon, profesionalak izan zirelako eta adostutakoa bete zutelako".

Jai eredua ere eztabaidatu zuten

Jeltzaleen eta udal gobernu taldearen artean talka gehiago egon ziren. Izan ere, zabaldutako balorazio oharrean, EH Bilduk eta Omniak iragarri zuten beste eredu parte hartzaile bat abiatuko dutela.

Horren aurrean, Ander Añibarro alkate ohiak aldarrikatu zuen orain arteko funtzionamendua parte hartzailea izan dela eta jai kuadrillak zein beste eragile batzuk ere aritu direla ospakizunen antolakuntzan.

Jeltzaleak aipatu zuen errespetu falta iruditzen zitzaiela ekainaren 17tik bildu ez izana egungo jai batzordearekin.

Sonia Respaldizak gezurtatu zuen bilerarik egin ez izana egungo batzordearekin eta erantzun zuen bi aldiz elkartu dela berarekin.

Horrez gain, nabarmendu zuen orain arteko jai eredua parte hartzailea izan dela, baina eurek beste bat sortu nahi dutela.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide