Israel, aurten ere laguntza izango duzu Hardcore Hits Cancer elkartearen aldeko kontzertua egiteko?
Israel Fernandez Leon: Bai, Joaquik lagunduko dit taldeekin eta sare sozialekin. Berak hartuko du ardura osoa. Agik lagundu zidan iaz, baina aurten beste proiektu bat dauka esku artean eta, ondorioz, Joaqui izango da ekimenaren aurpegia.
Aurtengo kontzertuaren antolakuntza nolakoa izan da?
I.F.L.: Gure filosofia oso erraza da: aiatzen gara inguruko taldeak ekartzen bidaia gastuak murrizteko ahalik eta gehien eta horrela dirua elkartera bideratzeko.
Parte hartzea berretsi zigun azken taldea Ultimatum izan zen eta Memento Morirekin afinitate handia dugu. Lagunak dira eta Hardcore Hits Cancer ekimenaren gertukoak.
Horrez gain, Mikel Pute-Artekoa da soinu teknikaria eta berarekin egin dugu. Berak beste talde batzuk ezagutzen ditu eta azkenean dena bikain atera da.
Joaqui, orduan zein izango da zure lana?
Joaqui Primoy Gutierrez: Apur bat denetarik egingo dut. Sare sozialak landu eta, kontzertua denean, taldeekin egon, eurak gustura eta eroso egoteko, taldeen aldaketak ondo egiteko, sarrerak kobratu eta han egon, taldeek afaltzen dutela ziurtatu... Azken finean, dena egiten dugu gure kabuz.
Baina zu, berez, Madrilen bizi zara, ezta?
J.P.G.: Bai, nik Hardcore Hits Cancer elkartean parte hartzen dut duela urte pilo, hamar baino gehiago. Horrez gain, COVID garaian antzeko elkarteak sortu genituen jendea laguntzeko. Dirua eskuratzen genuen Madrilgo Auzo Elkarteen Federaziorako. Gehienbat, gai sozialetan laguntzen aritu naiz.
Nire anaiak metal talde bat dauka eta bere lagun kuadrilla erdi punk eta hardcoreak dira. Nik ez dut inoiz musika talde batean jo, bestela ez nuke denbora izango nire bizitzan (barreak), baina horrelako elkartasun kontuetan beti egon naiz sartuta, hardcore eta punkaren bitartez.
Nola sortu zenuten Hardcore Hits Cancer?
J.P.G.: Sortzaileak minbizia izan zuen eta musika oso lagungarria izan zitzaion tratamenduei aurre egiteko, kimioterapia barne. Gehien gogoko zuen musika punk eta hardcorea zen eta gaixorik zegoen bitartean pentsatu zuen nola erabili ahal zuen musika hori jendea laguntzeko.
AFANOC elkartea topatu zuen. Elkarteak diru bitarteko urriak dituzten familiak laguntzen ditu. Zehazki, umeek tratamendua jasotzen dutenean, laguntzen dute hori ordaintzen, bidaiak eta egonaldiak Bartzelonako ospitalera joateko...
Orduan lagunekin hasi zen ideia partekatzen eta ekin genion kamisetak egiteari Hardcore Hits Cancer leloarekin. Egitasmoa hazten joan zen eta lagunen artean elkartea legeztatu genuen, behin estatutuak sortuta. Gero kontzertuak ere antolatzeari egin genion eta jadanik hamabi urte bete ditugu.
Zure kalkuluen arabera, zenbateko diru ekarpena egin duzue elkartearen bidez?
J.P.G.: Pandemiarekin gure gaitasunak behera egin zuen, kamiseten salmentarekin ateratzen baitugu diru gehiena kontzertuetan. Tarte batez hori ezinezkoa izan denez, nabaritu dugu.
Hala ere, on-line ere saldu dugu, argitalpen mugatuak ere egin ditugu, eta zailtasunak zailtasun, jarraitu dugu ekarpenak egiten.
Orain kontzertuak egiteko aukera dagoela, itzuli gara horretara eta guztira, esango nuke 100.000 euro baino gehiago bildu ditugula AFANOC elkartearentzat.
Animatuko duzu jendea, Laudioko kontzertura joan dadin?
J.P.G.: Bai, aukera duen orori gonbidapena egin nahi diot. Kontzertuaren arrazoia ona da, berez, oso zaila da zure familian ume batek minbizia izatea, baina bitartekorik ez baduzu, are okerragoa da. Horregatik, gurasoek haurrak ospitalean bakarrik utz ez ditzaten, ekarpena egiteko modua egongo da kontzertuan. Guk ez dugu ezer irabazten, diru guztia doa elkartera.